Hizkuntzaren industria sendotzen
Globalizazioak hizkuntzen garrantzia azalarazi du. Izan ere, enpresak munduan zehar hedatzen ari dira eta hauek munduko merkatu guztietan saldu nahi dituzte bere produktu eta zerbitzuak. Gainera, Interneteko erosketei buruz eginiko azterketa guztiek erakusten dutenez, bezeroek nahiago dute bere ama hizkuntzaz baliatuz erostetak egin. Hori dela eta, hizkuntzen kudeaketa eta hizkuntzen industria nolakoa den aztertu nahi izan da ikastaroaren bidez teknologia berriek aurkezten dituzten aukerei bizkarra eman barik.
Egun ingelesak indar handia du, alabaina, beste hizkuntzek ere indarra badute eta urteen poderioz gero eta gehiago. Adibide gisa, Europako Batzordeko Josep Bonetek, Europako hizkuntzen banaketa eta kudeaketa aztertzean, Europar Batasunak 23 hizkuntz ofizial dituela azaldu zuen. Ofizialtasun horren baitan, adibidez, lege guztiak hizkuntz ofizialetan argitaratu behar direla nabarmendu zuen Bonetek.
Arrazoi hauek abiapuntutzat hartuta, Langune elkartea eratu da Euskadin. Hau Euskal Herriko hizkuntz industriaren elkartea da eta hizkuntzekin harremana duten Euskal Herriko hainbat enpresa eta elkartek parte hartzen dute, hala nola, Elhuyar Fundazioa, EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreten Elkartea), TISA, Tekniker IK4 Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Rec Grabaketa Estudioa, besteak beste. Gauzak horrela, Languneko Josu Waliñok elkartearen helburuak eta erronkak ezagutzera eman zituen. “Gure xedea, nazioartean erreferente bihurtzeko, hizkuntzen industria merkatu handiagoa izatea eta Euskal Herrian batera lan egitea da”, aipatu zuen irmo. Bere aburuz, Euskadik arlo honetan lehiakorragoa izan behar du “Europar Batasunan industria honek 8,4 mila milioi euro fakturatu dituelako”. Hizkuntzekin metafora bat ere egin zuen Euskadik lehiatzeko beldurra izan behar ez duela adierazteko. “Arrain handi asko dago baina arrain handiak txikiak ez jateko txikiak bere lekua hartu behar du”. Languneren ikuspegitik, Waliñok esan bezala, hizkuntzen kudeaketak hiru zutabe osatzen ditu: itzulpegintza, irakaskuntza eta edukiak. Eta hauen inguruan lan egiten duten eta Langunen parte hartzen duten hainbat elkarte eta enpresek ere nola atera etekinak industria honi teknologia berrien bitartez azaldu zuten.
Adibidez, itzulpegintzaren kasuan, erabili daitezkeen itzultzaile automatiko, hiztegi eta itzulpen memoriak aurkeztu zituzten. Ixa Taldeako Iñaki Alegriak OMEGA T, Trados, Word Fast eta Deja Vu, aipatu zituen, besteak beste. Elhuyar Fundazioko Antton Gurrutxagak, hiztegiak, antologiak eta ezagutza base lexikoak deskribatu zituen baina bere aburuz hiztegigintzan paradigma aldaketa bat egin behar da. “Hiztegia sarean egoteak ez du esan nahi soilik paperan dagoena era elektronikoan jarri behar denik”. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gotzon Egiak itzulpegintzan elkarlana beharrezkoa dela eta itzultzaileek jakintza teknologikoa eduki behar dutela azpimarratu zuen. Irakaskuntzari dagokionez, Ikastolen Elkarteko Josune Gereka eta Didaktiker Fundazioko Entzi Zubiri aritu ziren. Entzi Zubirik, teknologiak irakaskuntzan ekarpen ugari egin dituela nabarmendu zuen. “Ordenagailuek multimediari esker ekarpen itzela egin dute hizkuntzen irakaskuntzan: audio, testua, hipertestua, grafikoak... eta etengabe gehitzen ari zaizkio zuzentzaileak, ahotsaren sintesia eta ezagutza”. Edukien esparruan, esaterako, Tekniker-IK4ko Izaskun Fernandez eta Gorka Varela aritu ziren.
Josu Waliño:
“Kanpora begira jarri behar da
hizkuntzaren
industria”
Zein egoeran dago Hizkuntzaren Industria Euskadin Europakoekin alderatuta?
Behintzat egituratzen eta antolatzen hasi da. Euskal Herrian, momentu honetan, elkartea sortzea lortu dugu, enpresak egituratzea eta hori abantaila handia da. Egoera, beraz, ez da txarra.
Industria hau nazioartean erreferente izateko nondik jo behar da?
Batez ere ikusgarritasuna lortu behar da. Sektore bezala ikusi behar gaituzte. Eta behin hori eginda Euskal Herria erreferente izateko kanpora begira jarri behar da hizkuntzaren industria, oso barrura begira lanean baitago.
Ekimenen bat duzue buruan?
Elkartea bera sortzea da lehenengo ekimen nagusia. Izan ere, banaka ezin dugu lan egin nazioartera begira. Elkartearen esku dago hori antolatzea eta dinamizatzea.
Hala eta guztiz ere, zuk ‘arrain handiak’ izendatu dituzun horiek beti egongo dira…
Askotan arrain handiekin lortu behar duguna da parez pare jokatzea. Momentu honetan arrain handia jan egiten gaitu eta gure helburua da handiekin egotea lehiatzeko aukera izateko.
Euskadin hizkuntzen inguruan lan egiten duten enpresa eta elkartek aintzat al dute hizkuntzen kudeaketaren garrantzia?
Bai, beraien alorra delako. Garrantzitsuena beste sektoreetan ari direnak hizkuntzen kudeaketen garrantziaz ohartzea lortzea da. Nazioartera jotzen duten enpresak, adibidez CAFek, tren bat egiten ari denean, konturatu behar du tren horren eskuliburuak zenbait hizkuntzetara itzuli behar dituela eta trenean joango diren pantailak hainbat hizkuntzetan joan behar dutela, alegia hizkuntzak baduela haien lan prozesuan leku nabaria ikustea.
Hizkuntzen kudeaketaren inguruko ikasketak areagotu beharko lirateke?
Bai batez ere ez dagoelako hizkuntzen kudeaketaren hainbeste jakintza. Hor profesionalen trebakuntza falta da. Hizkuntza teknologien alorrean, informatikariak ditugu edo filologoak dituzu. Baina filologo formazioa duten informatikariak behar dira. Profesional espezializatuak behar dira.
0 comentarios