Blogia
CURSOS DE VERANO UPV/EHU

Marka paregabea

Zer den ahotsa esatea zaila omen da Bernardo Atxaga idazlearen esanetan. Alabaina, berak oso argi du: “Ahotsak pertsonak partikularizatzen ditu”. Ahotsak musikan, literaturan, artean eta zineman bere esanahia du eta hori da aztertu nahi izan dena Irizar enpresa eta Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiaren laguntza izan duen ikastaroan. Era berean, zein den ahotsaren papera giza gorputzean aztertu da.

Zer den ahotsa musikan definitzen saiatu zen Donostiako Orfeoiko Kabinete Teknikoko Gotzon Arrizabalagak. Lehenik eta behin, Arrizabalagak abestea ez dela naturala nabarmendu zuen. “Animaliek ez dute kantatzen; soinuak emititzen dituzte. Gizakiak kantatzen du adimena duelako. Horregatik gizaki batzuek ez dute ‘belarririk’ musika munduan, zaila baita nota musikalak ematea eta kantuan egitura musikalak bereganatu eta menderatu behar direlako”. Bere aburuz, ahotsa musikan tresna berezia da eta “ahotsa da musikan tresnarik espresiboena”. Ahotsa tresna bitxia dela dio abeslaria eta tresna bera direlako eta hitza kantuarekin datorrenez, sentimenduen mundua agerian geratzen delako.

Bestalde, Arrizabalagak hitz egitea eta abestea bereiztu zituen. Izan ere, bere esanetan mintzatzerakoan eztarria erabiltzen da eta kantatzerakoan gorputz osoa. “Hitz egiterakoan ez da gorputza erabiltzen nekatuko ginatekeelako. Hori dela eta abesteko, gorputza erlaxaturik eduki behar da”.

Joxemari Iturralde idazleak maiz zein den ahotsaren garrantzia ahazten dela azpimarratu zuen. “Ikerketen arabera pertsonei galdetuz gero zein galera fisikoa izango litzatekeen okerrena, gazteek itsu geratzearena erantzuten dute eta helduek elbarri geratzearena, baina ez ahotsik gabe geratzea”. Hori dela eta, historian zehar literaturan eta artean ahotsarekin zerikusia zuten zenbait istorio ezagutzera eman zituen. Hala nola, Homeroren ‘La Odisea’, Elias Canetti-ren ‘Marrakesh-eko ahotsak’, Hans Christian Andersen ‘Sirenatxoa’, William Shakespeareren ‘Hamlet’, Edvard Munchen ‘Oihua’ edota Bernardo Atxagaren ‘Zazpi etxe Frantzian’. “Adibidez Sirenatxoan ikus daiteke nola sirenatxoak berak salbatu duen printze batez maitemintzen den eta nola sorgin batekin hitzartzen duen pertsona bihurtzekotan ahotsa galdu behar duela”. “Ahotsak gauza asko irudikatu ditzake: jakinduria, askatasuna, heriotza, zigorra, izua… eta nahiz eta mutu geratzean beste komunikazio erak egon, mutu egoteak ezintasuna dakar”, gehitu zuen.

Halaber, narratzaileen bidez liburuetan ahotsa irudikatzen dela aditzera eman zuen. Besteak beste, narratzaile orojakilea, Flaubert-en zeharkako estilo librea eta Apostrofe Dickenstarra aipatu zituen. Era berean, Juan Rulforen ‘Pedro Páramo’ eta Miguel Ángel Asturias-en ‘El señor presidente’ lanak aipatu zituen bertan pertsonaien ahotsak ezartzen zaila egiten delako.

Gorputzari dagokionez, Mirari Perez foniatraren arabera, ahotsa, gorputza eta komunikazioa erabat uztarturik daude. “Hala eta guztiz ere, gauza bat ahotsa da eta beste gauza bat hotsa, hitza, soinua eta hizkuntza dira”. Norbanakoaren ahotsa desberdina dela dio ahotsa definitzeko tinbrea, hitz egiteko modua, erritmoa, modulazioa eta intentsitatea ezaugarriak aintzat hartu behar direlako. Foniatra ahotsa bere lanbiderako erabiltzen dutenei zuzendu zitzaien batik-bat eta gomendio gisa pertsona hauek zein motatako ahotsa duten ondo ezagutu behar dutela “ahots arazoak ekiditeko” esan zuen.

Bernardo Atxaga: “Ahotsa gure burutik igarotzen dena  bideratzeko modurik nagusiena da”

Zerk du ahotsak honi ikastaro bat eskaintzeko?

Ahotsa izugarri gai sakona da. Bakarrik gogoratu behar dugu, ezer esan gabe ere, gure izpiritua, sikea edo arima dela. Gure bizitza intelektual osoa, gure burutik igarotzen dena eta gure sentimentu guztiak bideratzeko modurik nagusiena, zehatzena eta aberatsena da. Ahotsa den azterketa bat egin ahal izango bagenu, pertsona horren izugarrizko erretratua izango genuke.

Ahotsa musikarako presta daiteke, nola prestatu literaturarako?

Esan gabe, adierazi behar dena. Inor konturatu gabe esan behar dena. Nik Juan Rulfo idazle mejikarraren eta Pedro Paramo liburuaren gaineko grabaketa bat ezarri dut. Rulfo bera irakurtzen entzuten da. Hor badago definitu ezin daitekeen zerbait. Ahotsa zaila da zehazten, pertsonaiari hitz egiteko modu batek ematen dio zentzua. Idazleari entzuten badiozu gehiago ikasten duzu, baitakizu zein ahots jartzen dien pertsonaiei. Azken batean ahotsa idazle baten marka da.

Idazle batek bere ahotsaren bidez liburu batean transmititzen duena transmititu dezake?

Teknika desberdinak dira. Idaztean ez da ahotsa kontuan soilik hartzen. Idaztean, hitzekin lan handia egiten da, ordu askotako lana. Edozein orrialdek lana eskatzen du. Ahotsa ez da nahastu behar esanarekin. Egun on, hamaika modu desberdinez esan daiteke. Ahotsak ematen du agian beste modu batean adierazi ez daitekeena. Horregatik zaila da ahotsa definitzea.

Nolakoa da Bernardo Atxagaren ahotsa?

Ezin da esan, entzun dezakegu. Hasiko banitz esaten, ez nuke bukatuko. Hori da ahotsaren ezaugarria. Aurreneko definizioa eman daiteke, adibidez beti esaten dut erdi lo dagoen pertsona baten ahotsa dudala. Baina besterik ez.

0 comentarios