Blogia
CURSOS DE VERANO UPV/EHU

Hemen gaude

Gaur egun 2.0 kontzeptua zoko guztietan aurki daiteke eta euskarak ez du atzean gelditu izan nahi. Hala eta guztiz ere, web 2.0 eta euskararen arteko harremanaz hitzegitean, lehenak bigarrenean izan dezakeen eragin mesedegarria edo positiboa zalantzan jartzen da. Horixe izan zen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako ikastaroaren ardatza. Ildo horretan, hasiera ekitaldian Blanca Urgell Kultura Sailburuak adierazi bezala “euskara ez dago gal mehatxupean baina erabilera sustatu nahi bada mehatxu bat bezala hartu behar da sarean egotearen erronka”.

Jakintzako Maite Goñi irakasleak, euskarak sarean egon behar duela baieztatu zuen eta irmo agertu zen zentzu horretan. “2.0 belaunaldiari euskarazko edukiak aurkezten bazaizkio, erabiliko ditu”. Bera izan zen 2005an hezkuntza arloan ikasleak motibatzeko eta eskolan partehartzaile zuzenak izateko eratutako Jakintza web 2.0 sortzaileetako bat. Era berean, blog hauen bitartez hizkuntzak irakasteko beste era bat zela nabarmendu zuen. Goñiren aburuz, “interneteko mundu honetan, Jakintza bezalako guneak puzzle baten zati dira, eta pieza guztiak beharrezkoak dira sarean”. Antzeko ideiak agertu zituen Elurnet-eko Gorka Juliok non testuinguruak ere garrantzia duela azpimarratu zuen. “Psikologikoki gehiago laguntzen du nabigatzailea euskaraz izatea”. Bere esanetan, sarean komunitateak eratu behar dira munduak komunitate hauek ezagutu ahal izateko. “Komunitate txikiak sortu behar ditugu gure baitan aritzeko, hizkuntza sendotzeko eta ondoren kanporuntz jokatzeko”.

Ikusgarritasuna sarean beharrezkoa izateaz gain, itzulpen sistema eta pertsona egokiak batik-bat hizkuntza minoritarioa duten lurraldeetan ere beharrezkoak direla azpimarratu zen ikastaroan zehar. Horrela, Galeseko The Wels Language Board-eko Jeremy Evas-ek Galesen galesak eta ingelesak duten ikusgarritasuna erkatu zuen. Evas-en esanetan, web gune bat ingelesez eta galeseraz egoteko, galeserara itzultzen dituzten itzulpen memoriak eta pertsona jakitunak behar dira.

Bestalde, berak zioenez, bi hizkuntzek elkarbizitzeko esfortzuak areagotu behar dira eta “erakundeek elebitasunaren konpromezua hartu behar dute nahiz eta 1993ko Gales Legeak zerbitzuak bi hizkuntzatan eskaini behar direla aipatu”. Lanean hasiko den Bilingual Wales proiektua ezagutzera eman zuen. Proiektu hau hizkuntza perfektuki menderatzen ez dutenentzako edo perfektu menderatzen usten ez dutenentzako zuzendua dagoela azaldu zuen. Izan ere, bere iritziz, asko dira galesa hitz egiten ez dutenak lotsagatik eta horregatik autokonfidantza landu behar dela uste du. Halaber, Citilab-eko Luis Ángel Fernández-ek “itzulpen kulturala” aintzat hartu behar dela esan zuen. Hori dela eta, Fernándezek blog-ei nagusitasuna eman zien. “Blogak hizkuntzen eztanda dira, bakoitzak mundua bere ama-hizkuntzan aztertzen duelako. Horregatik, bakoitzak bere edukinak sortu behar ditu, norberak bere hizkuntzan. Hizkuntza bat ez dago sarean lehian eta sarean ez dago ez hizkuntza gutxiturik ezta gehiengoaren hizkuntzik ere”.

Etorkizunera begira, Gorka Juliok kultura librea sustatu behar dela, hezkuntzan eragin behar dela eta ikusgarritasuna sarean eduki behar dela esan zuen. Maite Goñik, jendearengan konfidantza hedatu behar dela proposatu zuen “askotan ematen baitu perfektu idatzi behar dela”. Berak oso argi dauka, “euskara jalgi hadi internetera”.

 

Eli Pombo: “Gunea sortzen duzun hizkuntza beran jasoko dituzu erantzunak”

Digital aroa euskararentzat mehatxua al da?

Kontrakoa. Aro digitalean bai euskarazko edukiak zabaltzeko, bai ikusgarritasun gehiago izateko aukera gehiago izatea lortzen dugu eta oro har, tresnak ahalbidetzen dizkigute. Komunikaziorik gabeko aro batean zure esparru geografikoan mugaturik zaude derrigorrez; gaur egun aldiz, aro globalizatu honetan teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerei esker hedatzeko aukera dugu. Gakoa ondo erabiltzen jakitea da eta ikastaroan azaldu den bezala, gauzak egitea eta sortzea.

Sareko hainbat gune euskaraz egotea lagungarri izango da euskararen erabilera sustatzeko?

Bai noski. Zenbat eta jende gehiago izan edukiak euskaraz sortzen, hobeto; sortze prozesu horretan euskara erabiltzen baita. Zuk sortzen duzun eran, azkenean erantzuna ere horrela datorkizu. Jendearekin gertatzen den moduan, norbaitekin hizkuntza batean hitz egiten hasten zarenean, zaila egiten da hizkuntzaz aldatzea. Interneten ikusgarritasun bat euskarari lotuta baduzu, askoz errazagoa da erantzunak hizkuntza horretan egotea.

Zein estrategia erabili behar da hizkuntza gutxituek sarean bere lekua izateko?

Horretan ari gara. Gauza asko egin daitezke eta jardunaldi hauetan hori da ikusten ari garena. Hizkuntza alorrean zenbat gauza egin daitezkeen ikusi genuen Maite Goñiren eskutik, Gorka Juliok ere argi erakutsi zuen gizarte sareek ere potentziala dutela. Zuzenean aipatu ez dugun kontua baina garrantzi handikoa, .eus domeinua lortzea da. Gauza asko egin daitezke baina ez soilik lerro jakin batean, esparru desberdinak daude jorratzeko: hezkuntza, kultura eta hedabideak.

Gizartearen nortasuna eraikitzeak garrantzia al du teknologia berrietan eta hedabideetan?

Komunitate baten isla egiten baduzu eta horri nortasuna eta indarra ematen badiozu, horrek berebiziko garrantzia du eta katalanek oso argi ikusi zuten .cat domeinua sortu zutenean. Argi zeukaten komunitate hori irudikatu behar zutela. Hori lortzen da komunitate horren indarrari esker, hedabideei esker eta dauden edukiei esker. Nire ustez ez da nortasunak laguntzen duela hedabideetan baizik eta osotasun bat da. Teknologiak laguntzen du nortasuna eraikitzen, hedabideek ere horretan laguntzen dute eta emaitza azkenean osotasuna da.

0 comentarios