Ikasleak eleaniztasunerako prestatu
Hezkuntza sistemak gero eta garrantzia handiagoa ematen dio hizkuntzak jakiteari. Hala eta guztiz ere, estatu espainarrean ikasleek, Europako beste herrialdetakoekin alderatuz, hainbat gabezia aurkezten dituzte. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetza izan duen ikastaro honetan afera honen inguruan hausnartu da.
“Historikoki, eta Europar Batzordeak burututako txostenek erakusten duten bezala, hizkuntz atzerritarrei dagokienez, eleaniztasuna ez da oso hedaturik egon gure artean”, zioen David Lasagabaster irakasleak. Zentzu horretan, Eurobarometroak egindako ikerketa bat aurkeztu zuen eta honen arabera, hizkuntza atzerritar batean hitz egiteko Espainian gai den biztanleen ehunekoa %44koa da. Letonian adibidez kopuru hori %95era iristen da. Bere aburuz, eleaniztun izatea kultura kontua ere bada. “Hemen orain arte politikak hezkuntza sisteman hizkuntzei nagusitasun gutxi eman die eta filmen bikoizketak hizkuntzak ikastea oztopatu du”. Alabaina, gauzak aldatzen ari direla ere baieztatu zuen. Izan ere, Europar Batasunak 2005ean eleaniztasunaren aldeko Estrategia marko berria proposatu zuen eta bestalde, Edukien eta Atzerriko Hizkuntzaren Ikaskuntza Integratua (EAHII) edo ingelesezko CLIL (Content and Language Integrated Learning) programa ere eratu da. Hauei esker, “datuak hobetzen doaz estatuan eta Euskadin”. EAHII ekimena atzerriko hizkuntza ez den irakasgaian atzerriko hizkuntza ezartzean datza.
Euskadin, hizkuntza atzerritarraren gaitasuna ikaslegoaren artean hobetzeko bi ekintza nagusi ezarri direla aipatu zuen: ingelesaren irakaskuntza goiztiarra (haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesezko gelak jasotzen) eta zenbait eskoletan EAHII-ko proiektu desberdinak izan dituzte. “EAHIIrekin, azterketa desberdinek diote ingelesezko emaitzak hobeak direla” azpimarratu zuen Lasagabasterrek. Nahiz eta modu honetan beste hizkuntza bat ikastea sustatzen den, asko dira honek euskararen kaltetan ez ote den izango diotenak. Lasagabaster irmo agertu zen horrelako kezkak ukatuz. “Eremu elebidunetan hirugarren hizkuntza baten barneraketa prozesua hobea da”, gaineratu zuen. “Hala eta guztiz ere, eleaniztasuna bultzatzeko, agian beste hainbat hizkuntzei ere denbora eskaini beharko litzaieke”.
Basque English Teacher´s Association-eko (BETEA) Itziar Hormazak dio “hizkuntzek ez dietela hizkuntzei ezer kentzen, denbora besterik ez”. Bere aburuz, “gauza da zer eduki ematen den hizkuntza bakoitzean eta nolakoa den irakasteko erabiltzen den metodologia”. Ideia hau Keith Kelly ingelesezko hizkuntzalariak ere partekatzen du “edozein irakasgaiak printzipio berak dituelako edozein hizkuntzatan”. Irakasleek ariketa praktiko entretenigarri eta ikusgarriak proposatu behar dituztela nabarmendu zuen. Horretarako ‘Science across the World’ proiektuaren baitan, zenbait ariketa adibide gisa ezarri zituen. Era berean, hizkuntzalariaren esanetan, irakasleek “autonomia izan behar dute ariketak lantzeko eta beste irakasleekin ikuspegiak elkarbanatu behar dituzte”.
EAHIIko ekimenean barne, Euskadin hainbat proiektu sortu ziren, hala nola, ANIZPE, INEBI, BHINEBI eta Esperientzia Eleanitza non Montse Aierdi, Arantzazu Latorre, Eukeni Urgoti eta Itziar Hormazak parte hartu duten. ANIZPE 1996 eta 2000 urte bitartean bultzatu zen hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailatan. Proiektu hau amaitzean, INEBI etorri zen 3., 4., 5. eta 6. mailakoei zuzendua. Itziar Hormazak azaldu bezala, “ANIZPE eta INEBI ostean, Hizkuntzak Edukien Bitartez Ikastea enfoke berdina erabiliz, DBHko lau ikastarorako unitate didaktikoak jorratu ziren eta BHINEBI sortu zen”. Esperientzia Eleanitza DBH eta Batxilergoan ezarri ziren. Azken hau, esaterako Getxoko Aixerrota ikastetxean frogatu zen. Aixerrotako Montse Aierdik eta Arantzazu La Torrek, ekimenaren gora-beherak aipatu zituzten eta haien iritziz “honelako proiektuak ezinbestekoak dira eleaniztasuna gizartearen garapenarekin bat datorrelako eta hezkuntza sistema barruan aldaketa metodologiko sakonak dakartelako”.
Itziar Hormaza: “Hizkuntza zertarako nahi dugun ikusi behar dugu”
Aldatu al da geletan ingelesa emateko metodologia?
Beti daude hobetzeko aukerak eta topatu behar ditugu baina oraindik emaitzetan Europa mailan ez gaude oso ondo. Lehenengoz pentsaera aldatu egin behar da. Hizkuntza zertarako gura dugun ikusi behar dugu.
Oro har, EAHII edo CLIL programa Euskadiko eskoletan aintzat hartzen ari da?
Ingelesa irakasteko bereziki. Gainera, murgiltze programak ere CLIL dira. Azken batean, edukin desberdinak ingelesez erakutsi dira Bigarren Hezkuntzan.
Zein da programaren inguruko zure iritzia?
Oso pozik nago. Bi gauza integratzeko modua da. Orain hasi gara gauzak bietara begiratzen, bai hizkuntzari eta bai edukinari dagokionez.
Euskadi elebidun izanda, zergatik proposatzen da soilik hirugarren hizkuntza bat ingelesa dena?
Eleaniztasuna esaten denean, ezin da esan bakarrik euskara, gaztelania eta ingelesa. Gainera eskoletan egun, gure ikasleek ez euskara eta ez gaztelania diren ama-hizkuntza desberdinak dituzte. Eleaniztasuna hor dago eta ezin dugu ukatu.
Hizkuntzetako iraskaleak norantz jo behar duzue?
Benetan hasi behar dugu pentsatzen hizkuntza guztien irakasleak elkarrekin lanean hasi behar dugula. Bide batez helburu berdina izan behar du, alegia, ikasleak hizkuntzatan konpetenteak izatea.
0 comentarios