Blogia
CURSOS DE VERANO UPV/EHU

Bazen behin liburu polit bat

“Ume batek liburu bat irakurriko du arrazoi batengatik: nahi duelako”. Carla Baredes fisikariaren hitz hauek erabili zituen Valentziako Unibertsitateko Gemma Lluchek bere hitzaldian. “Baina horretarako, liburuak ezagutzera eman behar zaizkie”, gehitu zuen. Eta, hain zuzen ere, Galtzagorri Elkartearen laguntzarekin antolatutako ikastaro honetako ardatza haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko erak aztertzea izan da.

Hezkuntzan irakurketari eskaintzen zaion eremua aztertuz gero, UPV/EHUko Donostiako Irakasleen U.E.ko Gurutze Aldabaldetrekuk nabarmendu zuen Irakasleen Eskoletako Plangintzek hutsuneak dituztela. “Literatura ez da beti eskoletan irakasgaia izaten eta literatura ezagutu gabe nola zaletuko dira? Gainera, ezagutza maila kaskarra Lehen Hezkuntzakoek izaten dute”. Bere aburuz, irakasleek ikasleei liburuak ezagutzera eman behar diete, alegia, gidariak edo bitartekariak izan behar dute. “Zaletasuna agian ez da sustatzen baina irakasleak behintzat liburuak badaudela erakutsi behar die”. Gelan ‘liburutegi ibiltariak’ ezartzea egokia litzatekeela azpimarratu zuen. “Liburutegi hauetan, liburuak trukatu egiten dira eta ikasle bakoitzak nahi duen liburua har dezake”. Era berean, Aldabaldetrekuren esanetan, ez da soilik ikasleak irakurraraztea baizik eta ikasleei gogoetak eginaraztea. “Haiek testuak berrirakur eta hausnar dezaten erdietsi behar da eta horretarako liburu guztien puntuak eta esanahiak elkarbanatu behar dira, beste liburuekin konparaketak egin eta abarrekoak”. Irakaslearen iritziz, modu horretan ikasleek zer motatako irakurketak dituzten gustoko jakingo dute. Ideia antzekoak aurkeztu zituen UPV/EHUko Letren Fakultateko Mari Jose Olaziregik. Honen ustez, irakurketa ikasketa prozesua da. “Horregatik irakurketa eskoletan sustatu behar da. Gainera, irakurketa indartzean testuak beste era batera aztertzeak ere dakar edo nik deitzen dudan ‘ideologiaren irakurketa’ ematen da”. Olaziregiren esanetan, teknologia berrien etorrerak liburuei ez die kalterik egingo. “Oraindik liburuak bere lekua ere badu eta sareak behin eta berriro irakurtzera derrigortzen gaitu”.

Galtzagorri Elkarteko Itziar Zubizarretak eta Gurutze Aldabaldetrekuk, testuinguru honetan eredu narratiboak aztertu zituzten. Zubizarretak nola egin haurrek literatur munduan sartzeko azaldu zuen. Izan ere “haurrei jaio diren unetik kontakizunak konta diezaiekegu”. “Literatur testuen erabilerari zor zaizkio gerora garatzen dituzten irakurketa jokaerak eta haurraren esperientzia, helduek lehenengo urteetan eskaintzen dizkieten testuek baldintzatuko dituzte”. Ozenki ipuinak kontatu behar zaizkiola eta piskanaka elkarrizketen bidez haurraren hiztegia eraikitzen joan behar dela baieztatu zuen. Sentipenak umeei transmititzean indarra ezarri zuen “liburuak sentiarazten dutena garapen intelektuala bezain garrantzitsua” baita. “Ipuina da, haur literaturaren egiturarik ederrena, haurraren irudimenera, emozioetara eta sentimenduetara iristen dena”. Bestalde, Itziar Zubizarretak Ibon Egañarekin batera, eredu poetikoak aztertu zituen. Beraien aburuz, olerkigintzak ere irakaskuntza prozesuan parte hartzen du eta eskoletan ez zaio atentzio handirik jartzen. “Lehen Hezkuntzan bertsolaritzak badu bere lekua baina ezin dira baladak, kopla zaharrak eta abarrekoak ahaztu”.

Irakurzaletasuna areagotzen saiatu behar dute irakasle eta gurasoek baina argi dago gaztetxoei ezin zaiela edozein liburu utzi. Horregatik, gero eta ezagunagoak dira Ebaluaketa Batzarrak. Kolonbiako irakurpenaren sustapenerako Fundalectura Fundazioko Janeth Chaparrok eta Valentziako Unibertsitateko Gemma Lluchek kalitatezko liburuak hautatzeko eta sailkatzeko irizpideak aurkeztu zituzten. Ebaluaketak egiteko, fitxa batzuk betetzen dituzte. Aintzat hartzen diren zenbait irizpide liburuaren hiztegia adinari egokiturik dagoen ikustea eta narrazioa logikoki egituraturik dagoen ikustea dira batik bat. Halaber, liburuak izaten dituzten irudiak ere ebaluatzen direla aipatu zuten, haurren liburuak batik bat marrazkiak eta argazkiak dituztelako.

 

Itziar Zubizarreta: “Helduak

bitartekariak gara”

Noiztik daude haur liburu Ebaluazio Batzordeak?

Galtzagorrin orain dela zortzi bat urte hasi ginen lan horrekin nahiz eta Kolonbian esperientzia handiagoa duten.

Eskolako liburuak ere aztertzen al dira batzorde hauetan?

Gurean ez, eta Fundalecturakoek, gehienez, liburu informatiboak aztertzen dituzte. Ez dugu alde batera uzten etorkizunean liburu informatiboei ere heltzea.

Zein irizpide erabiltzen dituzue Galtzagorrin?

Irizpideak piskanaka osatzen goaz. Hasiera batean, liburuak zer aurkezten duenaren laburpen txikia egiten dugu. Fitxa bibliografikoa ere betetzen dugu zein adinetarako den gomendagarria ezarriz. Bigarren fase batean, liburuak baloratzen ditugu: egokitasuna, gaiak, pertsonaiak...

Derrigorrezkoa al da liburu batzordeak liburu bat onartzen ez badu ez argitaratzea?

Guk argitaratu ondoren baloratzen ditugu liburuak. Gure balorazioaren arabera, aukeratu egiten ditugu gure egitasmoetan erabiltzen ditugun liburuak. Izan ere, egitasmoetan liburu asko bideratzen ditugu eskoletara, liburutegietara, etxeetara…

Nola susta daiteke irakurzaletasuna?

Gogo biziz. Niri gustatzen zaidana nik transmitituz. Testu bat gustatzen bazait eta sentimentuekin irakurtzen badut, zerbait transmitituko dut. Sentituz eskaintzen badiegu haurrei testua, haiek ere sentituko dute. Agian beste testu bat nahiago du, baina behintzat bitartekari lana egin dugu. Helduak bitartekariak gara eta hori oso argi eduki behar dugu.

0 comentarios