Iraganeko literatura aztertzen
Bernat Etxepare (1480-1545) euskal literaturan beti izan eta izango da ezagun eta garrantzitsua euskarazko lehen liburua idazteagatik, ‘Linguae Vasconum Primitiae’, alegia. Etxepare ezezik, badira euskal filologian adituentzat aintzinako eta garrantzisko autoreak ere. Horietako bat Joan Perez Lazarraga (1547-1605) dugu. Borja Aginagalde jaunak aurkitu omen zuen Madrilgo zaharki-salerosle batean Lazarragaren eskuizkribua eta 2004an Gipuzkoako Foru Aldundiak lana aurkeztu zuen. Handik aurrera, zenbait ikerketa talde aritu da eskuizkribuaren gaineko azterketak egiten. Esaterako, Monumenta Linguae Vasconum (MLV) ikerketa-taldea lan horretan aritu da eta taldearen kide dira besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua den Blanca Urgell, Ricardo Gómez, Gidor Bilbao, Julen Manterola eta Céline Mounole. Haiek 6 urteko ikerketatik ateratako hainbat ekarpen ezagutzera eman zituzten ikastaroaren bitartez. Euskararentzat aurkikuntza interesgarria izan dela azpimarratu zuen Blanca Urgellek. “Euskararen historiara jo ahal izan dugu eta XVI. Mendeko Arabako euskara aztertu. Era berean, garai hartako lexikoa, gramatika eta abarrekoak lantzeko premia ere aurkeztu zaigu”.
UPV/EHUko Letren Fakultateko Ricardo Gómezek, Lazarragaren bizitzaren gaineko hainbat datu eman zituen eta eskuizkribuaren hainbat ezaugarri aipatu zituen, hala nola, eskuizkribuak 51 orri dituela, horietako 16 galdu direla, beste batzuk urraturik daudela edota 3 zenbakuntza desberdin dituela. “Eskuizkribua prosazko artzain-liburua, 63 bat olerki eta marjinetan idatzitako testuak osatzen dute eta idatzitako %88a euskaraz dago”. Hala eta guztiz ere, Gomezek ohartarazi zuen berreskuratutako testuko zenbait hitz zehaztea zaila dela, besteak beste, arazo paleografikoengatik eta aintzinako puntuazioa desberdina delako.
Lazarragak islatutako gaiei dagokionez, orain arte XVI. mendeko literaturan ezagutzen ez ziren gaiak landu zituela nabarmendu zuten Madrileko Complutense Unibertsitateko Jose Antonio Cid-ek eta UPV/EHUko Letren Fakultateko Gidor Bilbaok. Cid-en esanetan “eskuizkribuarekin Euskadiko mundu galdu bat berreskuratu da”. Izan ere, Lazarragak artzai munduaz hitz egiteaz gain, amodiozko pasarte ugari aurkezten ditu. Erlijioaz ere mintzatzen da eskuizkribuan. Halaber, Lazarragak ezagutzera eman duela garai horretan elkarbizitzen zutela euskara landua eta kaleko euskara azpimarratu zuen Cid-ek. Bai Cid-ek eta bai Gidorrek, eskuizkribuaren kantategien gainean hitz egin zuten. “Zenbait kantategi ez dira bereak, beste hainbat gaztelaniatik itzuli ditu baina gehienak bereak dira”, azaldu zuen Gidorrek. Kantategiak aztertzean, Gidorrek aipatu zuen Lazarragak XV. eta XVI. mende hasierako idazleak izan zituela erreferente eta neurri eta molde herrikoiak erabiltzen zituela bere idatzietan.
Bestalde, UPV/EHUko Letren Fakultateko José Javier Rodríguez-ek eta Euskaltzaindiako Julen Manterolak, “Silbero, Silbia, Doristeo ta Sirena” (izenburu hori aukeratu dute ikerlariek) artzain-liburua aztertu zuten. Rodríguez-en aburuz, “berpizkundearen narrazio motzaren tankera antzekoa” du eskuizkribuak. Lan hau hiru zatitan dago banaturik, prosa eta bertsoa nahasten ditu eta fikziozko antzeztoki desberdinak tartekatzen ditu. Lazarragaren eskuizkribuaren inguruko ikerketaren ondorioak eta testuak www.lazarraga.com web gunean agertzen dira transkribatuta. Transkripzioa egiterakoan hainbat arazo agertzen direla iraganeko idazkera eta ahoskera desberdinak baitira aditzera eman zuten Ricardo Gómez eta Gidor Bilbaok. “MLV taldean, transkripzioak egiterakoan, euskara batuaren grafia estandarra erabili dugu jatorrizko euskalkien markei eusten eta ustez zeukaten ahoskerara”.
Ricardo Gómez: “Altxor ikaragarria da filologoentzat”
Zer suposatu du Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntzak?
Lehen momentutik euskal literaturaren historiarako eta baita euskararen historiarako testu garrantzitsua zela ikusi zen. Literaturaren kasuan, garai horretan beste inon landu ez diren testu motak, generoak eta gaiak agertzen direlako. Prosazko artzain liburua adibidez, euskaraz ezagutzen dugun bakarra da edo olerkietan isekazko edo amodiozko gaiak. Eta euskararen historiari dagokionez, Arabako euskarako testu luze bakarra dugulako, ordura arte garai hartan soilik hiztegi bat ezagutzen genuen eta hiztegi batean gauzak mugaturik daude.
Eta euskararen ekarpenak zeintzuk izan dira?
Alde batetik Arabako euskaraz genekiena sendotzeko eta bestalde, funtsean Arabako euskara mendebaldeko euskara dela ikusteko. Baina badira ezaugarri batzuk ordura arte ezagutzen genituen mendebaldeko testuetan agertzen ez zirenak eta bai ordea ekialdeko testuetan. Beraz, ezaugarri horiek garai batean komunak ziren eta gero desagertu dira mendebaldeko euskalkietan.
Non kokatu daiteke Lazarraga euskal literaturan?
Azterketa gehiago behar dira baina bada berpizkunde garaian oso ohikoak ziren testu mota batzuk, koadernoak esaterako. Hauetan jendeak biltzen zituen olerkiak, haiek bizitakoak, eta badirudi Lazarragaren eskuizkribua horrelakoa dela. Badira berak idatzitako olerkiak -gehienak- badira kopiatu dituenak eta gero koaderno horretan beste pertsona batzuk ere idatzi dute zati zurietan: Testuak, idazketa ariketak, eragiketa matematikoak, sinadurak... Beste tradizio batzuetan bazeuden koadernoak baina gurean ez.
Zer dago oraindik ikertzeke?
Oraindik ez dugu lana amaitu. Altxor ikaragarria da euskal filologian interesaturik daudenentzat. Guk testu finkatua, zuzendua eta oharrez hornitua aurkeztu dugu eta denborarekin hizkeraren azterketa, testuan agertzen diren hitzen esanahia eta abar eskainiko ditugu. Lehenbiziko pausua testuaren edizio filologikoa egitea izan da.
0 comentarios