Egoki hitz egin eta konfidantza osoarekin
Jendaurrean hitz egitea ez da pertsona orok egin dezakeen zerbait, edo behintzat printzipioz, gehiago dira lotsatzen direnak ausartzen direnak baino. Jendaurrean mintzatzeko kemen hori jendeari ematea da Andoni Egaña bertsolariak egin nahi izan duena tailer honen bidez. Ikastaroaren hasieran Egañak bertaratutakoei egunkarian idazteak, irratian hitz egiteak ala telebistan hitz egiteak beldur gehien ematen dien galdetu zien. Pertsona gehienek telebista adierazi zuten. Alabaina, Egañak baieztatu zuen askoz arriskutsuagoa dela idaztea, idatzitako hori kritikatzean ezin baita unean erantzun, eta irratian eta telebistan ordea, erantzun daitekeela. Hori dela eta, bere helburuetako bat jendeari irratian eta telebistan hitz egiteko konfidantza ematea izan zen.
Lehenik eta behin, Egañak “diskurtsoak beti intentzio bat duela eta aurretik zer esan eta nola esan pentsatu behar dela” azpimarratu zuen. Gainera, irmo agertu zen adieraziz berbaldi orok aurretik prestakuntza behar duela. Hitzaldi zuzena prestatzeko, bertsolariak hainbat urrats jarraitu behar direla gomendatu zuen. Hain zuzen, berarentzat, “erretorika klasikoaren” metodologia da egokia. Jarraitu beharreko pausu hauek inventio, dispositio, elocutio, memoria eta actio dira, besteak beste.
Gauzak horrela, lehenengo pausuan esan nahi dena orri batean idaztea aholkatu zuen Egañak “betiere helburua eta target-a aintzat hartuta”. Dispositioa, hark azaldu bezala, ideiak ordenatzean datza eta elocutio-a pentsamendu horiek nola esatean. Urrats honetan bertsolariak ezarri zuen indar gehien. Azken batean, “beti esan daiteke desberdina originala den zerbait”. Baliabide linguistikoak, esaera zaharrak eta abarrekoak erabili behar direla diskurtso bat eratzerakoan nabarmendu zuen diskurtsoa interesgarria, bakana eta bitxia izateko. Zentzu horretan, Egañak jarioa eta diskurtsoa bereizi zituen azken honi garrantzia emanez. “Jarioa hizkuntza baten maila da eta hitzaldia jarioa eta komunikazio estrategikoak erabiliz lortzen den pildora komunikatiboa. Nire ustez, gaur egun diskurtsoa da landu behar dena ez baita gauza bera ondo hitz egitea edo egoki hitz egitea”.
Hizkuntzek erregistro arrunta eta jantzia dutela aipatu zuen eta bertsolariaren esanetan, hitzaldi jantzia eratzen jakin behar da. “ ‘Pizzerizatu’ egin gara eta ‘jatetxerantz’ jo behar dugu. Adibidez, ugaritan erabiltzen da ‘oso’ hitza eta antzina hitz honen ordezkari gisa adierazpen gehiago erabiltzen ziren. Makina bat modu dago ‘oso’ ordezkatzeko”. Diskurtso jantzia egiteko, bertsolariak baliabide linguistikoak erabiltzea lagungarri dela dio. Berbaldia behin eratu ostean, buruan mantendu behar da eta memorizatu ondoren esan edo adierazi ahal izateko.
Azken pauso hau gauzatzeko, publiko baten aurrean nola hitz egin eta autokonfidantza landu behar direla azaldu zuen Egañak. Ahotsa, lastertasuna-azkartasuna, tonua, isilaldiak eta abarrekoak neurtzen ikasi behar dela zioen eta hauek probak egiten neurtzen direla. Autokonfidantzari dagokionez, bertsolariaren esanetan “ez dugu beldurrik izan behar guztiok baikara sortzaile eta diskurtsoa ondo landuz gero, ondo aterako da”. Era berean, jendaurrean, natural jokatzea zaila dela azaldu zuen baina “naturaltasuna artifizialtasuna ondo landuz lor daitekeela” gehitu zuen.
Lortuko al zuen Egañak jendea etxera joatea irratian eta telebistan hitz egiteko konfidantzarekin?
Andoni Egaña: “Eskoletan nola
jardun erangikor erakutsi beharko litzateke”
Oratoria eskoletan eman beharko litzatekeen irakasgaia al da?
Oratoria soilik ez dut uste. Irakaspena globalagoa eman beharko litzateke, alegia, nola jardun erangikor erakutsi beharko litzateke. Oratoria hitzak zerikusi gehiago dauka klamazioarekin. Gaur egungo gizartean jadanik ondo hitz egitea baino garrantzitsuagoa da egoki hitz egitea. Gaur egun adibidez, ebakera handizkatua baduzu, sektore batzuk kanpoan uzten ari zara eta askorentzat ‘pedantiloa’ zara. Entzulegoa anitza denez, oratoria baino gehiago, nola izan zure lanbidean eraginkor erakutsi behar delakoan nago.
Zein irizpidek egiten dute diskurtsoa egokia?
Nagusiki helburua lortzen duzun ala ez jakiteak.
Nola egin aurre beldurrari?
Lehenengoz jardunda. Ohiturak ematen du horrelako adorea. Truko txiki batzuk ere badaude. Ni adibidez protokolozalea naiz. Neure buruari protokoloak ezartzen dizkiot eta jendaurrean hitz egitera noanean gauza beretsuak egiten ditut beti. Gauza aitorezinetatik hasita galtzerdi beltzak jantzi edota beti taberna beretsuan kafea hartzeraino. Badakit ez didatela laguntzen baina mentalki prestatuago joaten laguntzen didate.
Eta nola landu daiteke autokonfidantza?
Jardunda ere. Denoi gertatu zaigu adibidez, lehenengo aldiz geure ahotsa grabatuta entzutean, lotsa sentitzea. Hortik ondo ari zarela eta fuerte sentitzen zarela sentitzeraino, jardunak ahalbidetzen duen prozesua dago.
Denok eman dezakegu diskurtso bat jendaurrean?
Bai. Diskurtso hitzaren zabalpena aldarrikatzen dut. Diskurtsoa ez da bakarrik politikoak egiten duena edo apaiz batek egiten duena. Diskurtsoa da ere bikotekidearekin bart haserretzea eta gaur barkamena eskatzea edo gurasoekin adostasun batera iristea herriko jaietan heltzeko orduari dagokionez. Helburu bat daukan hizkuntza ekimen oro diskurtsoa da. Alde horretatik ikasi daiteke diskurtsoa egiten eta hobetzen.
0 comentarios