Blogia
CURSOS DE VERANO UPV/EHU

Berrikuntza buruan, eta ibili munduan

Sormena eta berrikuntza, gaur egun, sarritan entzuten diren hitzak dira, baina nola izan berritzaile? Ikastaroan, ikaskuntza prozesuetan berrikuntzaren aplikazioa planteatu da, horretarako, hainbat proiektu aurkeztu direlarik.

Horrela, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ana Eizagirrek, “hezkuntza bide berriak bilatu behar dira testinguru globalizatu honetan non gizartean aldaketak ematen ari diren” nabarmendu zuen. Horretarako, berrikuntzak giza balioak aintzat hartu behar dituela baieztatu zuen. Bere aburuz, irakaslearen eta hezitzailearen zereginak ezin du ohikoa izaten jarraitu eta “besteak beste, kitzikatzaile, moderatzaile, languntzaile, eredu eta aholkulari, bihurtu behar du”. Era berean, proiektuetan edo arazoetan oinarritutako ikaskuntzak baliogarriak direla azpimarkatu zuen.

Bestalde, premiak, askatasunak, elkarrekintzak eta inguruneak berrikuntza eta sormena prozesuan parte hartzen dutela aipatu zuen. “Bide batez, premia modu sortzaile eta berritzaile batean jokatzera bultzatzen gaituen motorra da, zerbait egiteko asmoa baduzu helburu hori lortu arte borrokan arituko baitzara”. Askatasunari dagokionez, Eizagirrek berrikuntza prozesuan autorrealizazioak garrantzi handia duela azaldu du. Elkarrekintzak ere garrantzi handia duela aditzera eman zuen “sistema, eragile eta erakundeen arteko elkarrekintza beharrezkoa baita”. “Konbergentziak indarra azalarazten du”, gehitu zuen. Behin faktoreak zehaztu ondoren, kognizio, nortasun eta motibazio mailako ezaugarriak direla azpimarragarriak azaldu  zuen.

Berrikuntza eta sormenari bizkarra ez emateko asmoz, hainbat dira ezagutzera eman ziren proiektuak. Hain zuzen, Creanova (Creative Learning and Networking for European Innovation) proiektua aurkeztu zen. Creanova 2008. urtean abian jarri zen Europar komunitateko Education, Audiovisual & Culture Executive Agency-ren Lifelong Learning Program-aren barruan. Bertan, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko gidaritzapean, Europako herrialde desberdinetako irakasleak, ikertzaileak, teknikariak, adituak eta gobernu ordezkaritzak esku hartzen dute. Creanovaren xede nagusia ikaskuntza prozesuetan sorkuntza eta berrikuntza sustatzen duten faktoreei eta baldintzei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoa eraikitzea da. “Egun indarrean dauden azterketa teorikoetatik, eta Euskal Herrian, Finlandian eta Irlandan, helduen heziketa eta lanbide heziketa mailan, burutzen ari diren praktika on eta interesgarrietatik abiatuta,  sorkuntza eta berrikuntzarako ikaskuntzak oinarrian dituen zutabe teoriko eta praktikoez hausnartu nahi dugu”.

Berrikuntza sustatzeko asmoz, metodologia desberdinak frogatzen ari dira ikaskuntzaren gainean eta sormenean eta berrikuntzan indarra ezartzen ari den ikaskuntza talde bat Lanbide Heziketa da. Ramón Martínez de Murguía, berrikuntza ardatz nagusi duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak bultzatutako Tknika zentroaren zuzendariak, Teknikainnova Eredua aurkeztu zuen. “Eredu honen bidez sistematika eta kulturaren bidez ikasleei balio erantsia ematea da helburu nagusia”. Martínez de Murguíaren iritziz, “ikasleek enpresetan erabiltzen diren azkeneko erremintak ezagutu behar dituzte Lanbide Heziketa enpresekin erabat uztarturik baitaude”. Martínez de Murguíaz gain, Dublineko Universal Learning Systems-eko Alan Brucek, Daiteke-ko Isabel Garcíak, IEFPS Usurbileko eta Lanbide Heziketako sailburuorde ohia Iñaki Mujikak eta Tknikako Jose Luis Fernández Maurek ere beste hainbat teknika berritzaile aurkeztu zituzten. Alan Brucek Transformative Learning-a azaldu zuen eta Isabel Garcíak Garaipen Metodologia. Azken honen kasuan, “dramatizazio teknikak erabiltzen dira eta emozioen bitartez lan egitean datza, erlaxatzeko tekniken bidez”. Jose Luis Fernándezek eta Iñaki Mujikak Lanbide Heziketako ikasleekin egindako Logo Teknika eta 6 txapela pentsarazteko sistema ezagutzera eman zuten.

 

Ana Eizagirre: “Aukerak beti egon dira, kontua da profitatzea”

Non nabaritzen da ikaskuntzan sormena eta berrikuntza lantzearen eskasia?

Hezkuntza formalean eskola da zaharkituena geratzen ari dena,  bereziki goi mailako ikasketetako gelak zaharkituenak dira. Hala ere, apustu eta erronka nabarmenenak Lanbide Heziketako sailean egin dira. Beraiek bizi izan dute sistema ekonomikoaren eragina eta eskola sistemaren barruan historikoki LH aparte egon den maila bat izan da. Aparte egote horrek negatibotzat hartzen zen baina beraiek elementu positibo bihurtu dute. Aukera materialak dituzte eta azkarrak izan dira.

Sormena eta berritzaile izatearen ahalmena ikas daitekeen zerbait da?

Garatu daitezke. Edozein gaitasun bezala. Eta betiere, garapen mailak desberdinak izango dira norbanakoaren esperientziaren arabera, testuinguruaren arabera. Posibilitatea hor dago eta hezkuntzaren ardura da etekin handienak ateratzea.

Era digitalak eta globalizazioak berritzaile izateko aukera gehiago aurkezten ditu?

Bai baina garrantzitsuena da aukerak erabiltzen jakitea. Aukerak beti egon dira, kontua da gu zenbateraino gai garen aukera horietaz ohartzeko eta  horiek erabiltzeko.

Norantz jo behar da ikaskuntzan berritzaile izateko?

Norbanako bakoitza bere burua gehiago izatekorantz. Norbanakoa desberdina eta berezia da eta gizarte mailan honek lagundu behar digu. Era berean, bidezkoa den eta berdintasunean oinarritutako gizarte baterantz, garapen jasangarri gizarte baterantz eta behar ekonomikoez gain, gizakien behar sozialeei erantzungo dien garapen baterantz.

0 comentarios