Hizkuntza irakasle perfektuaren bila
Benetan prestaturik al daude hizkuntza irakasleak? Hizkuntza bat ondo ikastea ez da soilik ikaslearen lana. Maiz, irakasleen klasea emateko erak ere ikaskuntzan eragina izan dezake. Azken urteotan, zalantzan jarri izan da tradizionalki hizkuntza irakasleek jarraitzen zuten klaseak emateko metodologia. Izan ere, gero eta ikerketa gehiago dago honen inguruan. Hala nola, Europako Batzordeak egindako “European Profile for Language Teacher Education” edo Cervantes Institutuko lanak. Kezka hauek direla eta, HABEk ikastaro hau antolatu zuen.
Ernesto Martín, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak, irakasle eskuduntzaren gainean hitz egin zuen. Hitzaldian eskuduntzaren definizioa azaldu zuen eta hizkuntzen irakaskuntzarekin uztartu zuen. Hala ere, bere aburuz, nahiz eta eskuduntza eta trebetasun zehatz batzuk izan behar diren, “hizkuntz-irakasleek irakasle izan baino lehen eta ondoren ere trebatzen ari dira”. Era berean, egun, hezkuntza sistemak irakasle autonomo eta kritikoak trebatzea helburu duela aipatu zuen.
Irakasleek abilezia izan behar dutela adierazteaz gain, Martínek hizkuntza irakasleen profesionalizazioa aldarrikatu zuen hizkuntza irakasle izateko ez “baita nahikoa hizkuntza bat menderatzearekin”. “Hizkuntza bat erabiltzen gai izatea ez da bakarrik hitz egitea; entzutea, idaztea ere bada”. Oro har, irakasleek hizkuntzak dituzten funtzio linguistiko desberdinak aintzat hartu behar dituztela nabarmendu zuen. Izan ere, pertsonak testuinguru desberdinetan mugitzen dira eta ez da gauza bera lagun batekin kaleko hizkeran mintzatzea edota udaletxean hizkera jantzian hitz egitea. “Askotan, hizkuntza berri bat irakasterakoan, ez da erakusten kaleko hizkera, ezta adierazpenak eta hitz egitearen inguruko arauak ere. Eta hizkuntza bat ondo erabiltzeko gai izateko, beharrezkoa da hizkuntzaren esparru desberdinetan moldatzea”. Bere aburuz, ikasleei hizkuntzaren testuinguru orotan mugitzea erakutsi behar zaie. Halaber, gelan ariketa desberdinak antolatu behar direla proposatu zuen.
Austriako The European Centre for Modern Languages-eko Frank Heyworthek, irakasleentzako hainbat metodo aurkeztu zituen. Esaterako, ikasleekin irakasgaiaren antolakuntza kontsultatzea. Bere ustez Portfolioak -dokumentu bat non hizkuntza bat ikasten ari direnak edo ikasi dutenak euren esperientziak jarri dezaketen- sustatu beharko lirateke irakasleek besteen esperientziak ikus ahal ditzaten. Oraingoan, Frank Heyworthek Europako etorkizuneko hizkuntza irakasle portfolioari buruz hitz egin zuen (EPOSTL). Mark Wilson, Lacunza hizkuntz eskolako irakaslearentzat, irakasle on batek motibazioa, ulermena eta memorizazioa landu behar ditu, besteak beste. “Badaude azaltzen eta azaltzen diharduten irakasleek eta horregatik ikasleak ez dute zergatik teoria ulertu behar”.
Bestetik, Utrechteko Unibertsitateko Ko Melief eta Bartzelonako Pompeu Fabrako Unibertsitateko Olga Esteveren esanetan, hizkuntza berrien irakasleek irakasle bilakatzerakoan, ikasitako teoria praktikan jarri beharrean, iraganean eskoletan hizkuntza irakasleak jorratutako bidea jarraitzen dute. Ondorio hauek hainbat ikerketa egin ostean aditzera eman zituzten. Dagoeneko, Benito Fiz, AEKko irakasleak Euskadin, AEK osatzen duten euskaltegietan, irakasleak prestatzerakoan, hauen hasierako lanaldian 3 hilabeteko tutoretza izaten dutela esan zuen. Hau da, irakasle izateko prestatzen ari direnak, hasieran beste irakasle batekin aritzen dira hauen “eraginkortasuna bermatzearren”.
Joanba Bergara: “Ikastaro honetan proposatu dugun bidea esperientzia duten irakasleak behatzea da”
Zertan datza ikastaroan zehar aipatutako hizkuntza berrien irakasleen prestakuntza?
Lanean hasi aurretiko behar bezalako prestakuntza antolatzea eta irakasleak sakonezko programa martxan jartzea, gutxieneko gaitasuna izan dezaten ikasgelan bigarren hizkuntza bat irakasteko.
Zein da Estatuan egun ematen den prestakuntza eta eman beharko liratekeena?
Gaur egun, hizkuntzen irakaskuntzan diharduten irakasle askok ikasi du unibertsitatean. Ikasi du hizkuntza irakaskuntzarekin lotura duten hainbat jakintza, hots, psikologia edo filologia, baina bigarren hizkuntza iraskasteko ikasgela batean defizit handia dago. Masterrak ere badaude non prestakuntza programak dituzten, baina berez portzentaia handi batean, nik esango nuke irakasleak ez duela prestakuntza osoa jaso. Ez dute berariazko prestakuntza. Hainbat hizkuntzen kasuan berariazko prestakuntza programa egiten da eta programa horien ostean ikusten da zein da gai eta zein ez. Hori da abiapuntua garapen profesionalean.
Zein eskuduntza izan behar ditu hizkuntzen irakasleak?
Hizkuntza menderatu behar da. Orokorrean, gaur egun jende gazteagoak bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasi du klasean. Esperientzia horrek, eragina izaten du gero beraiek irakasle direnean. Eta beraiek hain erroturik dauzkaten klase emateko era horiek auzitan jarri behar dira. Ikastaro honetan proposatu dugun bidea esperientzia duten irakasleak behatzea da eta gogoetak egitea teoriarekin. Guk proposatzen dugun eredua oso eredu esperiantziala da, errealitateari lotua. Praktikuma hasieratik izan beharko luke. Azken finean mahai gainean jarri behar da pertsonak nola jaso izan zituzten hizkuntza klaseak.
Zergatik hemen, Europako beste lurraldeekin alderatuta, askoz zailagoa egiten zaigu hizkuntza bat menderatzea?
Arriskutsua da esatea. Badaude Europan herrialde batzuk txikiak direnak eta hainbat hizkuntza jakitera behartuta daudenak. Dinamarkan adibidez, behartuta daude eta mundu global honetan motibatuta daude beste hizkuntzak ikastera. Bestetik, aintzat hartu behar da gaitasun infralinguala. Esate baterako, Dinamar bati ingelesa ikastea ez zaio hain gogorra suertatzen, bi hizkuntza horien artean badaudelako amankomuneko elementuak. Zergatik katalana ikastea euskara ikastea baino errazagoa da? Katalana eta gaztelania ezaugarri antzekoak edo elementu antzekoak dituztelako. Tradizioak ere beste puntu bat da, irakasteko modua ere desberdina da, alegia.
0 comentarios