Jalgi hadi mundura
Gizarte teknologiko baten baitan gaudela ezin dugu ukatu. Hori dela eta, sareak geroz eta erabiltzaile gehiago ditu eta geroz eta ekintza gehiagorako erabiltzen da. Lehen ezagutzen ziren irrati, egunkari edo telebistek, gaur egun ere euren web orriak ere badituzte errealitate digitalari ezin diotelako bizkarra eman. Hala ere, ikastaroaren antolatzaileak, Andoaingo Soziolinguistika Klusterrak, komunikazio aldaketa hauen inguruko beste kezka bat aurkeztu dute. Aldaketak euskararen onurarako ala ez izango diren, alegia.
Iban Arantzabal, Goiena Komunikazioaren kideetariko bat, hizkuntza komunitate eta informazio komunitatearen gainean mintzatu zen. Komunitateak definitu behar direla komunikabideak hauengana heldu daitezen nabarmendu zuen. Euren aburuz, “euskara bizi dugunontzako, euskara sareratzea garrantzitsua izan da”. Aitzitik, nahiz eta euskararen presentzia eskoletan, euskaltegietan, enpresetan eta abarretan egoteak ez dela euskararen erabilera zabaldu adierazi zuen. Horregatik, Arantzabalek “hedabideak erabilerarako tresna” izan behar dutela azpimarratu zuen.
Komunikabideek gizartean zernolako eragina duten erakusteko, Galeseko Elin Haf Gruffyddek, Mercator Minority Language Media Networken lanean aritzen dena (hizkuntz gutxituen informazioa networken jasotzen duen institutua), Galeseko kasua aipatu zuen. Esan daiteke, Euskal Herriak eta Galesek ezaugarri antzekoak dituztela batik-bat aintzat hartuta biek hizkuntz gutxituak dituztela. Galesera dakitenen biztanleria soilik %28,43koa da. Horretaz gain, Galesen mugikortasun oztopoa dago, izan ere, iparraldetik hegoaldera gutxi gorabehera lau ordu baitaude. Elin Hafek baieztatu zuen galeseraren egoera okerragoa izango litzatekeela Galeseraz aritzen den komunikabiderik egongo ez balitz. “Telebistak lortu du Galeseko nazioa uztartzen eta hizkuntzaren presentzia eratzen”.
Bestetik, Josu Amezaga soziologoak digitalizazioa euskararekin lotzea gai konplikatua dela dio. Beharrezkoa ikusten du ordea, euskara digitalizazio arora moldatzea. “Digitalizatzen ez diren hizkuntzak galdu daitezke inprenta asmatu zenean inprentara moldatu ez ziren hizkuntzak galdu ziren bezala”. Halaber, Josu Waliñok, Elhuyar Fundaziokoak, euskara teknologietara moldatzeko hizkuntzen industrien erronka egin behar dela gehitu zuen. Hau da, itzulpegintza, hizkuntzen irakaskuntzan eta hizkuntza teknologietan aritzen diren enpresak sektore bilakatzea nazioarteko merkartura zabaltzeko.
Ikastaroen kezken testuinguruan, baikor agertu zen Igor Calzada soziologoa eta Nevadako Unibertsitateko ikertzailea non “sarearen kontzeptua euskararen sustapenaren ardatza izan litekeela” adierazi zuen. Haren esanetan, euskarak beste hizkuntzen parean egon behar du eta aniztasun, elkarkidetza, lankidetza eta sorkuntzari garrantzia eman behar zaio. “Ez diogu beldurra izan behar sarean beste hizkuntzekin jokatzeko”, adierazi zuen eta era berean, ‘Glokalizazio’ neologismoaz ere mintzatu zen. Bere adierazpen esanguratsuena “euskara jalgi hadi plazara” lemaren ordez “ euskara jalgi hadi mundura” leman pentsatu behar dela izan zen.
Josu Amezaga: “Euskararen
erabilera
areagotzeko
motibazioa piztu behar da”
Zein hizkuntza hitz egiten du Euskal Herriko Komunikazio gizarteak?
Hizkuntza bat baino gehiago. Nagusiki gaztelera, euskara eta frantsesa. Hitz egiten du…hor hitz egin hitza problematikoa da erabili ere ingelesa asko erabiltzen delako. Horien artean, ikusten ari gara euskararen presentzia nabarmena dela. Nahiko jarrera aktiboa erakusten ari gara informazioaren gizartean euskal komunitatean.
Globalizazioa euskararentzat mehatxua al da?
Euskarak mehatxuak baditu. Baina aldaketa garaietan mehatxuak daude, eta baita aukerak ere.
Eta digital aroa?
Gauza bera. Kateak biderkatu egiten dira eta hizkuntza asko sartzen dira etxeetara baina orain posible da edozein telebista kanalek filmak ere euskaraz eskaintzea azpititulazioaren bitartez.
Euskarak etekinak izango al ditu digital aro honetan?
Asmatzen badugu bai. Behintzat digital aroan sartu egin gara eta hori garrantzitsua da beste hizkuntza askok ez baitute lortu. Alabaina historia hau idatzi gabe dago, ikusteke.
Digitalizazioarekin kate ugari dago. Hedabideek euskararen erabilera areagotu dezakete ala beste irtenbideren batean pentsatu beharko genuke?
Beste zerbaitetan pentsatu beharko genuke. Euskarazko hedabideak funtsezkoak dira. Hala ere, pentsatu behar dugu euskararen erabilera gazteen artean areagotu behar dela, batik-bat teknologia berriak erabiltzen dituztenak direlako. Publiko horri erakutsi behar zaio euskarak presentzia duela eta erabilgarria dela baina horrekin batera motibazioa piztu behar da.
Gizartearen nortasuna eraikitzeak garrantzia al du hedabideen testuinguruan?
Talde nortasuna eraikitzea gure bizitzaren parte funtsezkoa da. Ezinbestekoa gu nahiko sozialak garelako, eta kulturalki kontsideratuta, talde nortasuna gutxieneko elkartasuneko oinarria delako. Talde nortasunik gabe guztiz banakoak izango ginateke eta horrek elkartasun soziala desargertzea ekarriko luke.
Hitzaldian azaldu duzu Eriksonen printzipioa jarraituz euskal nortasuna definitu gabe dagoela. Beraz, euskal hedabideak ere?
Komunikabideek soilik ez dute talde nortasuna eratzen, eta komunikabide bakoitzak erreferentzia bat dauka, ikuspegi desberdinetatik eratzen baita.
0 comentarios