EB-k oraindik betaurrekoak behar
Europar Batasuna (EB) 27 Estatuz osatuta dago baina estatu batzuek ere eskualdeak dituzte. Orain arte erregioak izan zezaketen papera komunitate europarra honetan ez zen kontutan hartzen baina azkenaldi honetan eskualdeak ere bere ekarpenak egin dezaketela mahai gainean ezartzen hasi da. Eta honen inguruan gogoetak egitea izan da Eusko Ikaskuntzaren lankidetza izan duen ikastaroaren xedea. Lehenik eta behin, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria den Joxe Mª Muñoaren esanetan, eskualdeak estatu zentralaren azpitik kokatzen diren lurralde eremuak direla aipatu zuen.
Eskualdeen nagusitasuna eta autonomia piskanaka indartzen ari da eta horren adierazle gisa subsidiaritasun printzipioa da. Printzipio honek esaten du arazo baten aurrean, arazo horren objektuaren autoritate hurbilenak ebatzi behar dutela. Printzipio hau Lisboako Itunean agertzen da. Nahiz eta hizlariek hau aintzat izan, oraindik eskualdeen gutxiespena nabarmena dela baieztatu zuten. Muñoaren aburuz, “zenbait estatuk erregionalismoa oztopo bezala hartzen dute”. Baina irmo azaldu zuen EB estatuk eta eskualdek osatzen dutela eta mekanismo eraginkor bat beharko litzatekeela “eskualdeen autonomia errespetatzeko”. Donostiako Zuzenbide Fakultateko Maite Zelaiak, beste oztopo bat aipatu zuen Espainiako kasuan. “Konstituzioa Europar Batasunerako gehitzea baino lehenagokoa da eta horregatik ez du ezer ez esaten gai honen inguruan”. Gainera, eskualdeak mugak dituztela eskuduntzen banaketari dagokionez esan zuen. Hau da, EB erreferente normatiboa dela, bigarren maila batean estatu legeak daudela eta hirugarren maila batean autonomi estatutuak daudela azaldu zuen. Berak botatako galdera honakoa izan zen: “Ba al du autonomi estatutuak konpetentziak sortzeko boterea?”
Jaurlaritzaren europar gaietarako Zuzendari izandako Mikel Antonek, ‘itsutasun erregionala’z mintzatu zen. Berak zioen ez dagoela eskualdeen kontzeptu juridikorik eta gobernantza berri batean apostu egin behar dela, alegia, Erregio Elkarteen Batasuna eratu behar dela. “Administratiboki politikak garatzeko papera izan behar du eskualdeak”. Bestalde, Donostiako Zuzenbideko Fakultateko Joxerramon Bengoetxeak, Europar Batasuneko agente guztiek izan behar dutela protagonismoa aldarrikatu zuen. “Ezin da estatuek duten protagonismoa ukatu baina agente guztiena errespetatu behar da. Hots, Eskualde Batzarrarena”. Bengoetxeak argi erakutsi zuen eskualdeek ere indarra badutela. Izan ere, berak deitutako Estatu Azpiko Konstituzio Eskualdeak (EKAI) Barne-produktu gordinaren (BPG) %16 osatzen dute eta Direktiben ezarpenerako araugintzaren %70a.
Donostiako Zuzenbide Fakultateko Gurutz Jauregik bere partetik, nazio estatua ahultzen ari dela eskualdeen mesedetan azpimarratu zuen. Bide batez, Jauregik esan zuen sistema demokratiko batean aniztasun nazionala eta kulturala beharrezkoak direla herritarrak Europar Batasunean daudela sentitzeko. “Gizarte partaidetza demokratikoa bere ekintza esparrua murritzagoa den heinean are eta askeagoa izango da herritarra, horregatik eskualdeen garrantzia”. Azkenik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Iñigo Bullainek eskualdeek ere lan egin behar dutela herritarrek EBn integraturik egoteko. “Eusko Parlamentuak ez ditu inoiz Europako Bilkura Osorik egin. Non dago Europar Batasunari buruzko informazioa komunikabide eta eskoletan?”. Berak argi dauka: “Europa eskualdetara hurbildu behar dugu eskualdeak Europara hedatzeko”.
Maite Zelaia: “Gero eta gehiago ondare kulturalaren tituludunak eskualdeak dira”
Oro har, zer nolako harremanak ditu EB-k eskualdeekin?
Zein estatuari buruz ari garen hitz egiten arabera desberdintasunak daude. Estatu Espainolarraren kasuan, Komunitate Autonomoak badaukate bidea irekita Lisboa Tratatuaren ondoren baina Estatu Espainarren esku gelditzen da bide ematea komunitate autonomoei, bereziki ministro kontseiluan presentzia izateko. Lander alemanien kasuan, Austriako Landerren kasuan, kontu hori ebatzita dago, bertako eskualdeek partehartze hori bideratzeko erremintak badituztelako. Gure kasuan, bide horiek formalki daude baina askotan estatuaren borondate politikoaren menpe gelditzen dira.
Zer mekanismo beharko lirateke Euskadin autonomia indartzeko?
Estatu bakoitzak bide desberdinak erabiltzen ditu. Kasu batzuetan erabiltzen diren mekanismoak estatu barruko konferentziak dira. Sektorialak, multilateralak, bilateralak... Eta horiek izango lirateke estatuaren posizionamendua markatuko luketenak gero Europan zer esan jakiteko. Beste bat da, esaterako, Estatu Espainolean aipatu izan dena, hain zuzen senatua erreformatua izan dadila eskualdeen interesen ordezkaritza izateko. Zaila da konstituzioa erreformatzea eskatzen duelako.
Eskualde Konstituzional Autonomoak proposatzen ditugu
Zer ekarpen egin ditzakete eskualdeek EBn kulturalki?
Gero eta gehiago ondare kulturalaren tituludunak eskualdeak dira, are eta gehiago eskualde horiek identifikatzen direnean izaera nazional batekin. Lisboako tratatuaren ostean Europar Batasunak kontu gehiago du aniztasunean, arauen letran behintzat. Gero kontua da, praktikara begira aniztasun kultural hori gauzatu behar dela. Instituzioetan partehartze sakonago bat daukagun heinean bideratuko da aniztasun hori.
Zein izan beharko luke eskualdeen lekua?
Joxerramon Bengoetxeak eginiko hausnarketak ziotena. Hau da, eskumen legegileak dituzten eskualdeekin halako konstituzio autonomiaren blokea eratzea. Eskualde Konstituzional Autonomoak estatuaren egituraren barruan daudenak baina beraiek ere estatuaren funtziooak bete ditzaketenak proposatzen dugu.
0 comentarios