Aniztasunean bizitzen ikasi
Gauza gehienak bezala, urteen poderioz, gizartea ere aldatzen da. Orain arte, Euskal Herrian izan den aniztasuna estatu espainiarretik etorritako etorkinen ondorioa izan da. Gaur egun ordea, etorkinak munduko beste hainbat lekuetatik iristen zaizkigu; inmigrazioaren fenomenoa agertu da, alegia. Etorkin kopuruaren hazkundeak aniztasun berri bat sortu du Euskal Autonomi Erkidegoan. Fenomeno berri hau aztertzeko Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren parte den Ikuspegitik antolaturiko ikastaro honetan, aipatu dibertsitate ‘berri’ honen ezaugarriak aztertu eta euskaldun identitatearen inguruko hausnarketa burutu da. Xabier Aierdik, Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, hainbat datu eman zituen gaiaren aurkezpen moduan. Datu hauen arabera, Hego Euskal Herrian diren etorkinen %40a latinoamerikar jatorrikoa da, %28 Europar Batasunekoa, %18 afrikarra eta gainontzekoa asiarra. Aierdiren ustez, datu hauek guztiak ikusita, atzerritarrek erronka berri bat ezartzen dute. “Etorkin hauen ehuneko handi bat ez da hezkuntza sisteman barneratuko eta gehienek ez dute euskararekin inolako kontakturik izango”.
Euskadin bizi dugun arazo politikoaren inguruan ere inkesten emaitzak modu desberdinean irakur daitezke. Euskaldunak ezkertiarrak ala eskuindarrak al gara? Zer pentsatzen dugu autonomia erdiesteari buruz? Aierdiren ustetan mota guztietako erantzunak daudenez “Euskal Herrian ez dago konflikto ideologikorik, identitate arazo bat baizik”. Beraz, Aierdiren ustez, etorkinen afera konpondu aurretik euskaldunok jada gure nortasunean bertan ditugun gora-beherak konpondu beharko genituzke .
Kepa Aulestia analista politikoak inmigrazioaren fenomenotik at dagoen beste aniztasun bat aipatu zuen. Aulestiaren ustetan, sujetorik garrantzitsuena norbanakoa da. “Gaur egun jatorri desberdinetako jendea elkarbizitzen dago, baina ez hori bakarrik, pertsona bakoitza ere anitza da, zenbait egoeren aurrean liberal agertu gaitezkeelako eta beste batzuren aurrean tradizional”.
Inmigrazio fenomenoak etorkizunean izan ditzakeen ondorioen artean, euskararen egoerari buruzko kezka plazaratu zen. Ildo horretan, Patxi Baztarrika, ‘Euskara 21’ plataformaren gainean mintzatu zen. Aipatu plataformaren xedea, euskara politikaren oinarriak eztabaidatzea, sortzea eta adostea da. Baztarrikak elebitasuna eta eleaniztasuna defendatu zituen eta euskara mantendu ahal izateko inposaketa ez dela bidea azaldu zuen. Maiz errepikatu zuen “erabilera xedea da, atxikimendua zubia eta pertsuatsioa bidea”. Gakoa beraz, erabilera sustatzean omen datza, horretarako, jendea baliabide kulturalen bitartez konbentzitu behar delarik.
Azken egunean batik-bat etorkinei inguruan aritu zen hainbat aditu. Horietatik, Joxe Arregik, etorkinekin batera erlijio ugari ere agertzen direla baieztatu zuen. Arregiren ustez, fundamentalismoa ekidin arren erlijio desberdinen arteko elkarrizketa eta tolerantzia beharrezkoak dira elkarbizitza bermatzeko. Agustin Unzurrunzagak berriz, inmigrazio politikak aldatu behar direla aldarrikatu zuen. Bere ustetan, atzerritar etorkinek oso egoera larrian izaten dira sarritan haien eskubideak errespetatzen ez direlako. Halaber, Arkaitz Fullaondo soziologoak hiria eta inmigrazioa lotu eta aztertu zituen. “Betidanik migrazio desberdinak egon dira eta hiriaren biztanleria aldatuz joan da”.
Arkaitz Fullaondo: “Ezin daiteke aldaketa sozialik eman konfliktorik gabe”
Zein desberdintasun daude aintzinako eta gaur egungo hiriaren artean?
Aintzinako aniztasuna klase sozial desberdinetan oinarritzen zen eta hemen, Euskal Herrian, estatu espainolaren inmigrazioak sortzen zuen. Gaur egun, klase sozialak dibertsifikatu dira eta zaila egiten da estratifikazio sozial bat definitzea. 60ko hamarkadan finkatutako etorkin espainiarrak orain euskaldun biztanleak dira, integratuta daude. Orain berriz, atzerriko inmigranteak hasi dira etortzen. Hauek toki desberdinetatik datoz eta beraz, mundu dibertsoagoa aurkezten dute erlijio, hizkuntz eta izateko era desberdinak dituztelako.
Hiriak prest al daude inmigrazioaren fenomenoari aurre egiteko?
Ez daude prestatuta espero ez genuen inmigrazio baten aurrean gaudelako. Ez gaude prestatuta gure etxebizitzaren merkatua merkatu librean oinarrituta dagoelako eta merkatuak ezartzen dituen erregulazioaren arabera funtzionatzen dugulako. Alokairurik ez egoteak arazo handiak ekarri ditu, batez ere atzerritarrengan. Kontuan hartu behar dugu konfliktoa egongo dela nahitaez. Ezin daiteke aldaketa sozialik eman konfliktorik gabe. Hori edozein gizarteren historian zehar naturala izan da. Gakoa istiluak ondo maneiatzea eta horrekin bizitzen jakitea da.
Kultur aniztasuna nagusitzen ari den testuinguru honetan nola defenda dezakegu euskara eta euskal kultura?
Lehenik eta behin gure kultura apreziatu behar dugu. Hori da ematen ez den lehenengo pausua. Bestalde, ez dugu gure kulturareriko konplexurik izan behar. Etorkinen gizarte-integrazioa beharrezkoa da eta horretan, euskara aberatsa eta erabilgarria izan daitekeela ulertu behar dugu.
Nola ekidin daitezke ghetoak?
Hemen oraingoz ez daude ghetorik, kontzentrazioak baizik. Ezaugarri antzekoak dituzten pertsonak leku berean kontzentratzen dira. Baina guztiok, beti finkatzen gara gustora gauden tokian. Azkenean bakoitza nahi duen eta ahal duen tokian biziko da. Kontzentrazioak prestaturik ez dauden auzoetan, auzo marginaletan, eta bizitza duin bat aurrera eramateko ezintasuna dagoen tokietan finkatzen direnean arazoak sor daitezke.
Etorkizunean, herriak ere moldatu beharko al dira inmigrazioari aurre egiteko?
Gizarteak egoera aldatu dela onartu behar du. Gizarte berri baten sorrera aurkezten zaigu eta herriak moldatu beharko dira, politikak moldatu beharko dira, denok moldatu beharko gara. Herri bat gizartearen isla da, gizarte hori aldatu bada hiria ere aldatuko da. Azken finean hiria guk sortzen dugu.
0 comentarios