Blogia
CURSOS DE VERANO UPV/EHU

Curriculum kultural eta unibertsala

Hezkuntza sistemaren kalitatea uneoro eztabaidan dagoen kontua da eta gaur egun are eta gehiago Estatu espainiarrak mahai gainean ezarritako LOMCE hezkuntza lege berriarekin. Euskal currikuluma aztertzeko xedearekin eta hobea den bat osatzeko proposamenak aurkezteko antolatutako Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaro honetan, hizlariek ere Estatuko hezkuntza arau hau euskal currikulumarentzat mehatxua dela aipatu zuten euskal kultura eta bereizgarritasunak aintzat hartzen ez dituelako.

Kurrikulum egoki bat eratzeko hausnarketa horretan, hezkun–tzan aditua den eta Ikastolen Elkarteko kide den Xabier Garagorrik zioen ikasleak “partikularrarentzat eta unibertsalarentzat” prestatu behar direla. “Ulertu behar dugu gizakien oinarrizko beharrak berdinak edo antzekoak direla baina oinarrizko konpetentzia horiek ez direla era berean garatzen leku guztietan testuinguru eta egoeren araberakoak direlako eta erantzun kultural desberdinak eman daitezkelako”. Era berean, Garagorrik azpimarratu zuen kurrikulumak pertsonak bizitzarako hezi behar dituela eta “bizi–tzako egoerei aurre egiteko gaitasuna lortzea” izan behar duela helburu.

Gauzak horrela, topaketan parte hartukako hezkuntza eragileek proposatutako kurrikulumak 6 puntu jarraitu beharko lituzke. Arestian aipatutako kultur ibilbidean eta bizitzarako trebatzeaz gain, ikasleak integrazioaren pedagogian oinarritutako konpetentziatan prestatu behar direla nabarmendu zuten. Hain zuzen, Belgikako Lovaina Unibertsitateko BIEF-eko Xavier Roegiers eta Alexia Peyserrek integrazioaren gainean mintzatu ziren. Haien aburuz, gazteak zehatzak eta konplexuak diren azalpenak landu behar dituzte. Hizlariek eskola ariketa praktiko bat jarri zuten adibide gisa. Ikasleei harri bat hartu eta ea kareduna den edo ez neurtzeko eskatzea, zer den beharrezkoa ingurugiroa errespetatzeko eskatzea eta informazio kanpaina bat eratzeko eskatzea leku bateko berezitasunak kontutan ingurugiroari dagokionez. Harriaren kasuan ikasleak zerbait zehatza lantzen ari dira, ingurugiroa errespeta–tzeko zein pausu jarraitzean berriz, zerbait konplexua eta azkeneko ariketan biak uztartzen ari dira. “Praktika hauekin ikasle guztiek parte hartzen dute eta eskuratutako ezagupenak zabalagoak dira”.

Kurrikulumak jaso beharko lituzketen beste hiru puntuak dira oinarrizko konpetentziak garatzeko prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan integratzen dituena, euskaran ardazturiko eleaniztasuna bideratzen eta Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) baliabideak integratzen dituena eta oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko zerbi–tzuak dituena.

Xabier Garagarri: “Konpetentziatan oinarritutako metodologia jarraitu behar da”  

Nola eratu liteke curriculum bat euskal kultura errespetatzen duena eta pertsonak mundurako prestatzen dituena?

Egitasmoa 1996ean hasi zen eta orduan fase programatiko horretan saiatu ginen galdera horri erantzuten. Azken batean, curriculum baten asmakizuna da nola uztartu partikularra eta unibertsala. Azken batean, kultura kontuak izango lirateke pertsonak eta taldeak gure beharrei ematen dizkiegun erantzunak. Euskal currikulumak munduarekiko ikuspegi bat jaso behar du baina gure lekutik eta gure kultur erantzunetatik.

Zein eredu pedagogiko jarraitu behar dira?

Bilakaera horretan, 1996ean hasitakoa, bide luzea egin da eta material desberdinak plazaratu ziren, eztabaidatu zen eta ebaluaketak egin ziren. Fase horretan, euskal currikuluma sortu zen hezkuntza eragileetatik. Piskanaka biltzen joan zen elur bola batean eta hezkuntza eragile politikoak ere bereganatu egin zituen. Elkarrekin sortu genuen Euskal currikulumaren egitasmoa. Bide horretatik Euskal Autonomi Erkidegoak currikulum ofizialean jaso egin zuen Euskal currikuluma. Eta hori da fase programatikoa. Hortik aurrera egin dugu garapen fasea. Bidea da konpetentziatan oinarritutako bidea. Bidea ez da hain berria baina berrikuntza edo paradigma berri bat dakar irakaskuntzan. Harremanetan jarri ginen LOVAINAko taldearekin. Beraiek izan ziren metodologia aldetikan proposamen bat egin zutenak. Integrazioaren pedagogia deitzen den hori eta guk lehendik geneukan kultur pedagogikoaren uztarketa bidea egin dugu. Konpetentziatan oinarritutako metodologia prozedura metadisziplinarraren metodologia erantsiz.

“Erronka euskaldun eleaniztunak lortzea da”

Eskoletan eredu desberdinak egoteari buruzko zein iritzi duzu?

Kurrikulumaren barruan elementu bat dira, hizkuntzarena, komunikazioarena eta ondorioz, oso garrantzitsuak. Baina ez da bakarrik hizkuntza ereduen eta euskararen inguruan eztabaida, hori gaindituta dago. Une honetan erronka izango litzateke nola lortu euskaldun eleaniztun bat. Historikoki ereduen kontua ez da gaizki ibili, azken batean izan da gurasoen eskuetan ereduen aukera eta gurasoek piskanaka piskanaka D eredua hautatzen joan dira. Beraz, praktikan ondo funtzionatu du eredu kontuak.

Zein puntutan dago orain euskal curriculuma?

2007tik 2012ra urratsak eman ditugu eta hezkuntza eredu pedagogiko propio bat garatu dugu eta hori ikas materietan gauza­tzen ari da. Gertatzen da errealitatea aldakorra dela. Orain LOMCE-a daukagu. Horren aurrean, guk badaukagu ibilbide bat, Europa mailan eta nazioarte mailan homologarria izan daitekeena. Ikuspegi aurrerakoia du eta oraingoan oso atzerakoia den lege batekin aurkitzen gara. Errealitateak eskatzen digu momentu honetan Euskal Herriko hezkuntza, eragile sozialen eta politikoen arteko indarren metaketa bat gure hezkuntza eredu propioaren ardatza ondo finkatzeko eta ezin gara ibili alderdi politiko bat datorrenean lege berri bat jartzen eta aldaketak sortu. Nolabait ere egonkortasuna, iraunkortasuna duen hezkuntza sistema eraikitzea da gure erronka.

0 comentarios