Komunikazio estrategia baten beharra
Euskal gizartean euskararen erabileraren inguruan asko hitz egiten da eta ez, ordea, euskara sustatzeko kanpainek edota euskara sustatzeko komunikazioetan erabilitako lengoaiaren eraginkortasunaren gainean. Hori dela eta, soziolinguistika klusterraren eskutik, komunikazioa aztertzeko ikastaro hau antolatu da. Innobasque Berrikuntza Euskal Agentziako Pilar Kaltzadak, kanpaina bat egiterakoan aintzat hartu beharrekoak azaltzean, itsasargiarekin egindako metafora bat aipatu zuen. Horrela, ondo komunikatzeko, mezua behar dela, mezuak konexioa eragin, mezuak hartzaileak ulertu eta mezua erakargarria izan behar dela dio. “Behin mezua erabakiz gero, kanpaina eraginkorra izango da. Itsasargiak ez luke balioko mezu bat baino gehiago izango balitu. Gainera, mezuak zein eta noren kodeetan eginda dauden kontutan hartu behar da hartzaileak ulertu behar baitu mezua. Untziko langileek ez badakite zer esan nahi duen itsasargiak islatzen duen argia, argi horrek ez du ezertarako balio”, azaldu zuen. Horren ildoa jarraituz, askotan, komunikazio kanpaina egiterakoan kodean pentsatzen dela estrategia komunikatiboan pentsatu beharrean adierazi zuen. “‘Zer da euskara sustatzea?’ galderari erantzuten jakin behar da estrategia egokia aurkitzeko”. Bere esanetan aurrera egiteko hari-muturrak glokalizazioa, eleaniztasunaren balioa eta gizarte balioa hizkuntzen industrian aintzat hartzean datza.
Bestetik, euskararen inguruko irudia eta euskararekiko jarrera aztertu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko Joxerra Garzia irakasleak. “Irudia pertzeptzioa da eta jendearen buruetan dago. Hori da aztertu beharrekoa eta zein den euskararekiko irudia ezagutu behar da”. Honek desberdintzen ditu jatorri-irudia –une honetan norbaitek duen irudia- eta xede-irudia –gauza bat izatea komeni zaigun irudia-. “Euskarari osatu behar diogu guri komeni zaigun irudia eta ez euskarari komeni zaiona”, zioen. Jon Sarasuak berriz, “euskararen aldeko kultura politika berri bat sortu behar da” baieztapena sostengatu zuen. Bere iritziz, ikusi beharko litzateke zergatik komunikatu ahal izateko zenbait adierazpen ez dauden euskaraz esateko. Adibide gisa zenbait gazteek Gaztea Irratira bidalitako mezuak aipatu zituen non argi ikusten zen euskara formaleko adierazpenak euskaraz agertzen zirela baina eguneroko beste jargoiak gaztelaniaz zeuden. Mezuak horrela zioen: “Ibilaldira joan beharko a ver si se pilla cacho”.
Harman komunikazioko Joseba Kamiok aldaketa soziala izan zuen abiapuntu. Izan ere, Kamiok zioen politikak komunikazioa baldintzatzen duela. “Euskalgintza erakundeetan konfort egoera eramaten bada, ez da erabakirik hartzen”. Komunikabide arduradun gutxi dagoela eta berritze estrategia beharrezkoa dela ere baieztatu zuen. Halaber, jendean garrantzia ezarri nahi izan zuen jendean pentsatuz estrategiak eratu behar baitira. “jendearekin ahaztu gara eta jendearen bizitzaz hitz egin beharko genuke, ez euskaraz”.
Estrategian garrantzia ezartzeaz gain, ikastaroan zehar sormenari ere eman zitzaion. Pilar Kaltzadaren esanetan, “mezua hartzailean eragiteko, sormena landu behar da”. Eta sormena ikas daitekeen gaitasuna dela baietsi zuen. Euskalgintzan aritzen direnek erabilera dute kezka nagusienetakoa. Hala eta guztiz ere, ez da arduratzen dien gauza bakarra. Linguistika klusterrako Iñaki Iurrebaso eta Belen Urangak komunikazio-egitasmoen inguruan ikerketa handirik ez dagoela nabarmendu zuten. “Kanpainak ebaluatzea aurrerapausoa izango litzateke”. Ziurrenik zerbait ez doala ondo adierazi zuten 2008ko Oarsoaldeko euskara zerbitzuaren kanpaina aztertu baitzuten eta oro har inkestatuen %70ak urte amaieran ez zen kanpainaz gogoratzen.
Pilar Kaltzada: “Gure diskurtso propioa sortu behar dugu”
Kodean baino estrategian pentsatu behar dela diozu. Zein da euskararen gainean aintzat hartu beharreko estrategia?
Askotan indarra esaldi eder eta eslogan zoragarrietan ezartzen dugu. Banaketa bide oso egoki eta inpaktanteak izan ditzakegu baina horiek zertarako nahi ditugun eta zeri erantzunez eraiki behar ditugu? Entzuten ari gara benetako koska dugula erabilera eguneratzen. Susmoak hori esaten dit eta hori marketing ikuspuntutik begibistakoa da. Zein da konkistatu behar dugun merkatu zatia? Haurra eta gazteena. Horiek dira hizkuntzaren motore urte askotako erabiltzaile izango direlako. Nik bi alaba ditut, 8 urtekoak, euskaldunak, eta euskara hainbat esparrutan egiteko zailtasun ikaragarriak dituzte. Ez dute beti aurkitzen asebetetzen dituen hitza. Intuizioak esaten dit hortik jo behar dugula.
Politikak kanpainak kutsatzen ditu. Nola egin honi aurre?
Horiek dira elementu kutsagarrietako batzuk bakarrak ez direnak. Ikertu behar dugu non gauden eta zergatik mezu horiek lortzen duten halako hauspoa. Saia gaitezen beste estrategia batekin orain artekoak ez badu bidea eman. Kontu hau pil-pilean zegoen, orain pil-pilean dago eta datorren urtean egongo da. Gure diskurtso propioa sortu behar dugu horri aurre egiteko. Defentsa, nire ustez kasu honetan ez da erasoarena.
Teknologia berriak euskarri onak izan daitezke kanpaina eraginkorrak egiteko?
Baliogarriak eta ezinbestekoak. Nik uste dut euskararentzat aukera paregabea dela egin nahi dugun berrikusketan kode berriak sortzeko laborategia dugulako eta gainera laborategi horrek onartzen ditu hankasartzeak. Esperimentatu dezakegu.
Zer erronka dituzue etorkizunari begira?
Erronka baino gehiago lan egiteko momenturik egokiena eta politena da zeren ikusten dut gogoeta hori nahiko konpartitua dela, jendeak baduela kezka buruan. Estrategia relato berria sortu behar dugu eta kreatibitatea landu.
0 comentarios