Euskal hizkeraren aniztasuna
Nik ikusi dizut? ala Nik ikusi zaitut? Euskara batuan erantzuna argi egongo litzateke. Alabaina, Euskal Herriko euskalkiak eta zoko guztiak miatuz gero, milaka hizkera desberdinekin topatu gaitezke. Leku batetik bestera hizkeran agertzen diren desberdintasun eta ezaugarriak ezagutzera emateko, antolatu da ikastaro hau non hainbat ikerketa egin dituzten hamaika hizlarik parte hartu zuten.
Beatriz Fernández, UPV/EHUko Letren Fakultateko irakaslea, CNRSko Milan Rezac eta Deustuko Unibertsitateko Jon Ortiz de Urbinarekin elkarlanean aritu da. Datiboak aztertu dituzte eta leku batetik beste leku batera dauden erabilera desberdintasunak aurkeztu dituzten. Beatrizen hitzetan datiboa “nik zuri liburua eman dizut esaten dugunean, zuri horrek markatzen duen i marka morfologikoak isladatzen duen kasua” da. Haien txandan, datibo alternatibo eta datibo osagarri bitxien gaineko zenbait adibide plazaratu zituzten.
Datibo alternatiboei dagokienez, behe-datiboen alternantziari garrantzia eman zioten, eta zehazki, absolutibo/datibo alternantziadun aditzei. Izan ere, badira zenbait aditz hizkeren araberako alternantzia erakusten dutenak. Hala nola, abisatu, deitu, entzun, eskertu, lagundu eta segitu. Horietatik, Beatrizek abisatu aditza dela aipagarriena adierazi zuen: “ orain abisatzen dit, abisatu zizun ori”.
Datibo osagarrri bitxiei dagokienez, landutako eremu esanguratsuena osagarri markapen bereizgarria (DOM) izan zen. “DOM-aren literatura oparoan oro har, sarri aipatu izan da gaztelaniaren leismoa, eta datibo osagarri bitxien literatura labur bezain urria izanik ere, ia lan guztietan konparatu dira gure datibo osagarri bitxiak gaztelaniaren leismoarekin”, adierazi zuen Beatrizek. Zenbait lekutan, gaztelaniako kutsu hori nabaria da. “Hablaron a un profesor”, “irakasleari hitz egin zioten”.
Nor-nori aditz-jokoko pertsona-murriztapena, alineazio aldaketak euskararen diakronian, A-T mugimendua eta euskalkien arteko aldakortasuna, aldakortasuna aditzaren bikoizketan eta hitz hurrenkeraren bektorearen euskararen aldakortasun sintaktikoaren inguruko hainbat adibide ere aurkeztu zituzten beste hizlariek. IKERreko Rikardo Etxeparek, omen eta ote partikulei buruz hitz egin zuen “euskaraz ez baitira berdin erabiltzen”. Izan ere, omen partikula, ekialdeko hizkeran ‘esan du’ bezala erabiltzen da eta erdialdeko hizkeran zalantza moduan. “Honela, omen partikulak, autonomia handia izan dezake perpausaren leku desberdinetan agertzeko ekialdean, eta adizki jokatuari loturik egon mendebaldean”.
Bestalde, euskalkiak beste hizkuntzekin kontaktuan egotean sortzen diren hizkuntza aldaketak edo ingelesez ezagutzen zaion bezala “code-switching” fenomenoa ere izan zen mintzagai ikastaroan. Irantzu Epelde eta Beñat Oyharçabal, IKER-reko ikerlariak, hizkuntza lerratzea kontzeptuaz hitz egin zuten. Hizkuntza lerratzea esaldi batean bi hizkuntza tartekatzea da, hots, “primero tengo que hacer las etxeko lanas” edo horrelakoak esatea. Irantzuk eta Beñatek Frantsesa eta euskararen arteko hizkuntza lerratzeaz mintzatu ziren eta etorkizunean euskara eta gaztelaniaren arteko lerratzea aztertzea espero dutela aitortu zuten.
Hemendik aurrera, euskararen aldakortasun sintaktiko desberdinen berri izateko, sarean datu-base bat garatu dute Gotzon Santanderrek (Informatika Fakultatea EHU), Aitor Soroak (Informatika Fakultatea EHU) eta Mikel Lersundik (Zientzia Fakultatea EHU).
Beatriz Fernández: “Ikerkuntzak
aldakortasun
sintaktikoan
gramatikaren
teorian aurrera
egiteko tresna
bilakatzen dira”
Zein izan da ikastaroaren helburua?
Ukitua izan ez den euskararen eremu jakin bat aztertzea. Eta esparru hori sintaxi mailako bariazioarena da. Ikastaroaren bidez, gramatikaren teoriak eta tipologiak ematen dizkiguten kontzeptuekin euskararen esparruan dagoen bariazio sintaktikoa aztertu dugu.
Zer da lantzen ari zaretena?
Kategoria gramatikalak nola aldatzen diren esparru jakin batean. Bariazioak dituzten fenomeno jakin batzuk aukeratu ditugu bariazio horiek zer azalpen izan dezaketen gramatikaren teoriatik abiatuta ikusteko. Imajinatu perpaus bat: Xabierrek liburu bat eman omen dio Juleni. Hor duzu datibo bat, eman omen dio. Era berean ere, ikusten dugu esateko erak aldatzen direla toki batetik bestera. Hots, ekialdean Mireni eman du esaten da edotabeste leku batzuetan omen beste tokietan ager daiteke.
Euskararen aldakortasun sintaktikoa euskal hizkeraren inguruko ikerkuntzak noiz hasi ziren?
Aldakortasun sintaktikoaren berri jasoa dago dialektologiaren lan klasikoetatik nahiz eta beste ikuspuntu bat darabilten. Gure ikuspuntutik, esango dugu ikerkuntzak nahiko berriak direla, ziur aski 90 hamarkadatik aurrerakoak. Eta taldean gabiltzanok egitasmo sendo eta koordinatu baten inguruan orain dela bi urte edo hasi ginela, eta hor gaude IKER, Bainoako Ikerkuntza Zentruko ikertzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak elkarlanean. Egitasmo bat aurrera ateratzeko bildu gara eta ikastaroa da horren adierazgarri.
Asko aldatu al da iraganeko hizkera gaur egungoarekin alderatuz?
Guk ez dugu azterketa historikorik egiten. Gaur egun edo garai batean zein hizkera zegoen toki bakoitzean eta nola aldatzen den leku batetik bestera begiratzen dugu batik-bat.
Ikerketen ondoren zein ondorio atera ditzazkezue?
Ikerkuntzak aldakortasun sintaktikoaren gramatikaren teorian aurrera egiteko tresna bilakatzen direla. Helburua da tipologian eta gramatika generatiboan gertatzen den bezala, zer den hizkuntza posible bat azaltzea.
0 comentarios