Prestakuntza eta konfidantza
Zein da ahozko komunikazioan arrakastatsu izateko erronka? Galdera honi ihardesteko, ohikoena komunikatzeko gaitasuna edukitzeaz gain, kontakizun bat jendaurrean transmititzeko gai izatea da. Hala ere, azken pausu hau emateko hainbat oztopoekin aurki gaitezke; urduritasuna eta konfidantza falta, alegia. Ikastaro honen xedea jendaurrean aritzeko egoera deserosoari nola aurre egin izan da. Horretarako, bertsolariak izan dira zinezko protagonistak beraien esperientzien bitartez.
Joxerra Gartzia EHUko irakasleak oso garbi utzi zuen inprobisazioak atzetik lan ikaragarria eskatzen duela. “Bertsolariei erreparatzea besterik ez dago komunikazioak planifikazio zehatza suposatzen duela ohartzeko”, adierazi zuen. Nahiz eta formularik ez ezagutu, diskurtso bat emateko orduan zenbait puntu aintzat hartu behar dira. Gartziak nabarmendu zuen hitzaldiaren helburu jakin bat edukitzea dela gakoa. “Akats larria litzateke xede taldea kontutan ez hartzea entzuleak berbaldiaren mamia baitira. Hartzaileari moldatu behar gatzaizkio”. Naturaltasun ezak eta hizkuntza zuzentasun ezak ere aipatu zituen irakasleak.
Kike Amonarriz filologoaren esanetan, hasiera batean, denok daukagu beldur eszenikoa delakoa. Bere aburuz, ikara eta urduritasuna beharrezkoak dira “hitz egiteko adrenalina pizten baitute”. Entzuleen animoa igotzeko asmoz, Amonarrizek “seguru sentitzeak onuragarria” dela oso adierazi zuen, “batipat oreka pertsonala lortzen delako”. “Lehenik eta behin gureganako konfidantza lantzea gomendagarria da. Horretarako ispiluaren aurrean jarri eta modu baikorrean pentsatu eta jardun behar dugu. Eta baita diskurtsoak emateko estilo propioa bilatu ere”. Halaber, hitzaldi bat euskaraz emateari beldurra izatea ez dela ona gogorarazi zuen. “Honek ez du esan nahi ordea, hizkuntzaren gabeziak konpondu behar ez direnik: euskal argota garatu barik dago eta hizkuntz erreferente urri dauzkagu” amaitu zuen.
Inprobisatzeko ez dela inprobisatu behar errepikatu zen ikastaroan zehar. Honetaz asko dakite bertsolariek. Jon Martin Etxebestek, bertsoen prestakuntzan ‘mapa mentalak’ lagungarri izan daitezkeela aipatu zuen. “Berben loturaren bitartez, bertsolaritzak funtziona dezake. Gainera laburpenak egiteko edota erabakiak hartzeko ere balio dezakete”. Xabier Paya berriz, bertsoak bapatean botatzeko zenbait baliabidez mintzatu zen. Inprobisatzeko era bat da bertsoaren amaiera pentsatzea. Modu horretan errima, neurria, doinua eta koherentzia markatzen dira eta diskurtsoa borobiltzeko prozedura da. Beste estrategia bat filtroarena da. Hots, gai bati buruz zer esan ez dagoenean, gai hori bera beste pertsona aditu batek nola ikusiko lukeen irudikatu. “Muga hauek askatzaile dira oso egun argia ez badaukazu, eta bertsolariok gehienetan gaude horrela”, baieztatu zuen. Andoni Egañak, denborari eman zion garrantzi handiena: “Bertsoa bota behar da bai ala bai, beraz beldurrak alde batera utzi behar dira eta pentsatu entzuleetatik, zeintzuk egingo lukete hobeto?”.
Amaia Agirre: “Azkartasuna berez ez da lantzen, esperientziak ematen dizu”
Zer erakusten da bertso-eskoletan ikastetxetan erakusten ez dena?
Bertso eskoletan ez da bakarrik bertsotan erakusten. Jendeaurrekotasuna, konfidantza, egoera bati momentu jakin batean nola erantzun eta besteei entzuten ere irakasten da. Hizketarako gaitasuna eta kolektiboaren garrantzia ere irakasten dira.
Zeintzuk dira jendaurrean hitz egiteko teknikak?
Kontutan hartu behar dena da zeini ari zaren hizketan eta hartzailearengana nola iritsi. Lehenik eta behin jakin behar duzu ea irakastera zoazen, entretenitzea ala bizipenak kontatzea. Hori bai, eskarmentuak eta konfidantzak parte hartzen dute ahozko komunikazioan.
Zein teknika erabiltzen dira bertsolaritzan azkartasuna lantzeko?
Azkartasuna berez ez da lantzen, esperientziak ematen dizu. Hasi berriek bertso bat pentsatzeko hiru bat minutu igarotzen dira, eta hitzez hitz pentsatzen da bertso bat. Kriston memorizazio lana suposatzen du atzetikan. Ideia momentuan sortu da baino bertsoa ez da bapatekoa. Buruan dago idatzita eta bi hiru aldiz errepasatzen du hasi berriak, hitz bat ihes eginez gero puzzlea hautsi daitekela ikusten baitu eta denbora pasatzen doa. Urteen buruan, errimak eta bukaerak edukita abitu egiten zara. Ikasi egiten duzu konfidantza hartzen zoazelako.
Bertsolaria jaio ala egin egiten al da?
Garbi dago bertsotan ikasi egiten dela. Beti egongo da baten bat ideia originalagoak edukiko dituena edo grazia handiagoa izango duena jendeaurrean. Baino ordu asko landuz gero bertsoak egiten ikas daiteke.
Zer da epaileek aintzat hartzen dutena?
Bertsoak epaitzea ez da matematika. Ez da neurtu daitekeen zerbait nahiz eta txapelketetan egin. Bertsoak teknika, neurria, egitura, betebehar esentzialak eta zortzi urteko ume batek egiten dakizki guk bezain ondo. Kontutan hartzen dena zera da: Gaiari nola heltzen zion, ea zukua atera zaion eta bertsoa goitik behera koherentzia batekin ekarri den. Bete-lana da bertsoa bete bai baina esan gutxi egiten denean. Horregatik egin behar da lan betea eta ez bete-lana. Faktore pila bat daude. Komunikazioak ere eragina dauka: Bertsoa oso ona izan daiteke baina irakurrita eta entzunda berdin eragiten badizu hor gabezi bat dagoela argi dago. Eta bertsolaritza jendaurrean egiten da horregatik, ahozko komunikazioa delako.
Nola ikusten duzu bertsolaritza gaur egun?
Inoiz baino osasuntsuago. Bai bertso-eskolei dagokienez eta baita hezkuntza arautuan ere. Sekulako ume pila dabiltza bertsolaritza irakasgaia bezala ikasten. Gainera bertsozale elkarte egituratuagoa ere badago.
0 comentarios